VIGOTSKI: Ikaskideen arteko ikasle-irakasleen arteko harremanak eskolan

2000-07-01

> Ikasgelako pertsonen arteko harremanak baloratzea eta horretaz hitz egitea ez da halabeharrez gertatzen den zerbait, baizik eta nire irakaskuntza praktikaren erreflexio prozesu luzearen ondorioa. Hausnarketa horrek aukera teorikoak aztertzera eraman nau. Eta ibilbide horretan oinarrizko euskarri teorikoak aurkitu izan ditut. Horien artean, nola ez, irakaste-ikaste prozesu barruan partaideen arteko harremanen garrantzia aipatzen eta aztertzen dutenak, nire heziketa praktika aztertzeko balio handiko giltzarriak izan direnak, eta zuentzat ere garrantzitsuak izango direlakoan nago.

 
 

Beraz, azalpen honetan, ekarpen teoriko horietaz mintzatzen arituko naiz eta ahalik eta hobekien argitzen ahalegindu ere.

Hasteko, ikaskuntza-irakaskuntzaren ikuspegi konstruktibista dugu. Ikuspegi honek, ikasten duenaren jarduera eraginkorra baloratzeaz gain, irakaskuntzaren prozesu eraginkorra ere baloratzen du (Coll, 1990).
Ikuspegi honek, zalantzarik gabe, Vigotskiren pentsamenduarekin sinkronizatzen duenez, segidan autore honen teoriaren ardatz nagusienetakoak aipatu nahiko nituzke. Horien artean psikismoaren izaera sozialarena, funtzio psikikoen jatorri bikoitzaren printzipioan jasota gelditzen dena, eta baita berehalako garapen-esparruarena ere. Ideia horien bitartez, behin eta berriro, pertsonen arteko harremanen maila funtsezkoa agertzen zaigu, edo hobeto esanda, gizarte harremanak pentsamendu vigotskiarraren muina eratzeko eta eraikitzeko euskarriak izan dira (Vygotsky 1979/89).
Horrela, planteamendu honetatik, hezkuntzak garrantzi handia izango du, eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan irakasle-ikasleen arteko harremanak derrigorrezko aztergaiak izango dira. Hezkuntza eta interakzioa hertsiki lotuak agertzen baitira arrazonamendu ildo honetan. Halaber, ikaskideen ikaste prozesuan irakasleak martxan jartzen dituen laguntzak eta erabiltzen dituen estrategiak azpimarratzeko eta aztertzeko elementuak izango dira.
Aurrerantzean, horren inguruan aztertzen ibili diren hainbat autoreren ikerlanen emaitzak aipatuko ditut. Nahiz eta batzuk eskola testuingurura ez murriztu, ekarpen oso baliagarriak eta lagungarriak dira ikasgela barruko interakzioak aztertzeko.
Besteak beste: aldamiaia (Wood, Bruner eta Ross, 1976), formatua (Bruner, 1984), elkarrekiko irakaskuntza prozesua (Palincsar eta Brown, 1984), markoa (Kaye, 1986), jarraikako eskualdaketa edo aldatze progresiboa (Wells, 1988), irakaskuntza aldamiatua edo parte-hartze gidatua (Rogoff, 199), egoeraren definizioa eta subjektuartekotasuna (Wertsch, 1988, 1999), erreferentzia markoak (Green, Weade eta Graham, 1988), ikasgelako hizketaren ezaugarriak (Edwards eta Mercer, 1988; Cazden, 1991) eta interaktibitatea (Coll et al., 1992).
Kontzeptu horiek guztiak pertsonen arteko harremanen testuinguruan kokatzen dira; elkarren arteko jardueran, helduaren edo irakaslearen bitartekari lana azpimarratuz. Zehaztu egiten da zein eta nolakoak diren helduak eskaintzen dituen laguntzak, eginkizun baten inguruan partaideak elkarrekin denak batera aritzen direnean, hizkuntzak betetzen duen papera azpimarratua gelditzen delarik.