Atxikimenduaren inguruan: eskolatze egoki baten bila: Etxetik eskolara: garatu beharreko bidea

2000-07-01

Haurraren egokitzapen garaiaren beharrez hitz egin aurretik, gure egokitzapen prozesuaz hitz egin beharko genukeela iruditzen zait. Eskolaratze adina 2 urtera jaisteak eskolako partaide guztiok eta bereziki gu, irakasleok, hausnarketa bidean sartzera behartu gaitu eta.

 
 

Nire ustez, gure eskoletara haur txikiagoak etorri diren heinean, etxea utzi eta eskolara etortzeko pausoa era egokian egiteko prozesu horretan parte hartzen dugun guztion inplikazioa beharrezkoa dela jabetuz joan gara. Alegia, une hau, benetan zaintzeko unea dela, familiatik lehenengo banatze honek haurrarengan eta ondorioz gurasoengan eta gugan ere, sortzen duen ondoeza eta larrialdiagatik.

Horrela, nola eta zer egin une hori beste era batera bizitzeko galderari erantzuna bilatzerakoan, arlo asko aztertu behar izan ditugu:
- Atxikimenduari buruzko teoriak.
- Gurasoen parte-hartzearen garrantzia.
- Eskola eta familiaren arteko komunikazioa eta loturak.
- Haurraren garapen prozesuak.
- Espazioa eta denboraren antolaketa.
- Lan egiteko era.
- Psikomotrizitatearen ekarpenak
- Haurrekiko erlazio mota…
Egindako gogoeten ondorioz, eta haurraren egokitzapen egokia bilatze honetan, honako helburuak zehaztu ditugu:
1.- Haurrak eskolarekin izango duen lehen harremana, segurtasun eta konfidantza giro batean ematea lortu.
2.- Lehenengo momentutik, eta haurraren aurrean, eskola eta familiaren artean komunikazioa sortu.
3.- Eskolaratze prozesuan gurasoen parte hartzea bultzatu.
4.- Haur bakoitza bere izaeran eta beharretan errespetatu.
5.- Eskola haurrari jolasteko eta besteekin komunikatzeko nahia sortzen lagunduko dion leku egokia bilakatu.

Helburu horiek finkatzeak zer dakar?

1.- Eskolaren antolamenduari dagokionez:
- Espazioan: haurraren adinak eskatzen dituen baldintzak sortzea.
- Denboran: sarrera giro lasaian eta era progresiboan egitea. Ordutegi malgua.
- Taldekatze eran: talde txikiak eratzea.
2.- Gurasoei dagokienez:
- Konturaraztea afektiboki berauek direla haurraren segurtasun oinarri.
- Lehenengo egunetik eskolarekin harremanetan jartzea eta loturak mantentzea.
- Eskolan sartu aurretik, betiere gurasoek ematen dioten segurtasun giroan, haurrari beste haurrak ezagutu eta erlaziozko bizipenak edukitzen laguntzea.
- Eskolako lehenengo egunetan eta beharraren arabera luzatuz, haurrari segurtasuna emango dion pertsona baten presentzia ziurtatzea.
3.- Irakasleei dagokienez:
- Gauza guztien gainetik kalitatezko harremanak eskaintzea. Eta horretarako, psikomotrizitatearen ikuspegiari helduta:
- Legea jarri eta segurtasuna eskaini.
- Haurraren espresibitatea entzun eta zentzua eman.
- Gure begiradan dagoela sentiarazi
- Gure gorputza eta hizkuntzaren aukera eskaini.
- Berarekin batera bidea egin.
Prozesu honetan guztian, psikomotrizitateak zer ekarpen gehiago egin digu?
1.- Haurra globalitate batean, osotasun batean ulertzea, zatitan puskatu gabe, hau da, arlo afektiboak, motrizak eta kognitiboak elkarrekin doazela eta elkarren artean erlazionatuta daudela ikustea.
2.- Globalitate honetatik abiatuta, haurra adin hauetan hitzaren bidez baino gehiago gorputzaren bidez espresatzen dela jabetzea eta hori denboran, espazioan eta besteekin sortzen dituen harremanetan azaltzen dela jakitea.
3.- Espresibitate hau irakurtzen ikasteko prozesuan sartzea, bere begirada, bere tonua, mugitzeko era, hurbiltzeko edo urruntzeko era… bere historiaren adierazpenak direla ulertzea.
4.- Haurra bilakatze bidean jartzeko, adierazpen hau jasotzen eta bultzatzen ikastea.
5.- B. Aucouturierrek aipatzen duen ekintzaren pedagogia eskaintzea. Segurtasun eta material ugari eta desberdinaren bidez (material hotza, beroa, gogorra, biguna, kolore, forma eta bolumen ezberdinekoa…), ekintzari, mugimenduaren plazerrari, gauzak egiteko plazerrari eta transformatzeko plazerrari garrantzia ematea.
Zenbat eta gehiago bizi mugimenduaren plazerra, zenbat eta gehiago ekin eta eraldatu, zenbat eta gehiago askatu bere espresibitatea beti segurtasunezko leku, espazio eta denbora batean eta haurraren espresibitatea jasoko duen helduaren ondoan, hainbat eta errazagoa izango da haurrarentzat bere barruko larritasunak gutxitzen joatea eta bere izatea eta errepresentazioa eraikitzea.
Laburbilduz, eta aipatutako beste arlo guztiak ahantzi gabe, eskolaratze egokia bilatzea eta prebentibo mailan lan egitea honako hau izango litzateke: segurtasunezko baldintzetan eta hainbat materialekin haurrari bere identitatearen eraikuntza errazteko plazerra bizitzen uztea:
- garrantzia emanez ekintzari
- garrantzia emanez eraldaketari
- garrantzia emanez haurrarekin dugun harremanen kalitateari.