VIGOTSKI: Hizkuntzaren tratamendua Vigotskiren ikuspegitik

2000-07-01

Vigotski psikologoa da eta ikuspegi konstruktibista batetik giza burmuina portaera indibidualen iturri erregulatzailea dela esplikatzen saiatzen da. Seguraski, horri loturik, proposatzen duen tesi nagusia da baieztatzea giza burmuina sinboloen eta zeinuen erabilpenaren ondorio dela, eta ez sinboloen eta zeinuen erabilpenaren iturri. Beste modu batera esanda, Vigotskik uste du giza burmuina, indibidual eta subjektibo bezala ulertuta, giza harremanen adierazpena dela. Izan ere, harreman horietan pertsonek erregulatzen dituzten prozedurak -sinboloak eta zeinuak- erabiltzen ikasten dute.

 
 

Bere teoriaren tesi nagusi honen ondorioak, normalean giza burmuinaren bitartekaritza semiotikoa bezala izendatua, garrantzitsuak dira hezkuntza arloan. Hortik datoz hainbat kontzeptu, besteak beste, garapen bikoitzaren legea eta Hurbileko Garapenaren Eremua. Aurkezpen honetan kontzeptu horiek eta beraien ondorio hezitzaileak landuko ditugu.

Lehenengoa eta garrantzitsuena hezkuntzaren nozioa da. Ikasketa garapenaren aurretik baldin badago -giza burmuinaren eraketa indibidualaren aurretik-, eta ikasketa hori funtsean prozedurazkoa baldin bada; hau da, giza burmuinak gure harreman sozialak erregulatzeko eta kontrolatzeko erabiltzen dituen prozedura sinbolikoen ikasketa baldin bada, oso zaila da hezkuntza eskolaratzera mugatzea. Heziketa egoeratzat ulertu behar ditugu jatorri sinbolikoko tresnen ikasketa bultzatzen duten egoera sozial guztiak. Tresna horiek, noski, gero eremu indibidualean erabili ahal izango dira norbere portaera erregulatzeko. Argudio gehigo daude hezkuntza eskolaratzera soilik ez mugatzeko, baina ez dago dudarik Vigotskik oso garrantzitsuak diren zenbait aipatzen dituela.
Bigarrenak, lehendabizikoarekin kontrajarria dagoela iruditu arren, eskolaratzearen garrantzia azpimarratzen du. Vigotskik badaki jatorri sinbolikoko prozeduretan hainbat erabilera daudela. Hizkuntzaren kasua paradigmatikoa da horretarako. Horrela, egoera informaletan hizkuntzaren erabileran inplikatutako gaitasunak ez dira egoera formaletan erabili behar diren bezalakoak. Gainera, Vigotskik proposatzen du gaitasun horien menperakuntza -egoera informaletan nahiz formaletan- hizkuntza egoera horietan erabiltzearekin lortzen eta egituratzen dela. Hau da, ezin dira hizkuntzaren erabilera formalean inplikatuta dauden gaitasunak menperatu hizkuntza egoera formaletan erabiltzen ez bada. Ez dago dudarik egoera formal garrantzitsuenak irakaskuntza eta ikaskuntza egoerak direla esatean. Brunerrek baieztatzen duen bezala, ikasketa "ikusgarria" da -ispiluan-, eta orainaldikoak ez diren gertaera eta egoerei buruz hitz egitean edo kontatzean erreal bihurtzen dira hizkuntzaren bitartez. Horregatik, eskolako hezkuntza garrantzi handikoa da, horrek bermatzen duelako pertsona guztiek sarbidea edukitzea prozedura sinbolikoen erabilera sofistikatuenak menperatzeko. Modu honetara, norberari erabilera konplexuenetarako balioko dio eta baita buru eragiketetarako ere, besteak beste, abstrakziorako, orokortasunerako edo sailkapenerako.
Hirugarrenik, kontzeptu biak -hezkuntza eta eskolako hezkuntza- beste alderdi berri batekin osatzen dira: zer esan nahi duen irakasteak eta ikasteak. Vigotskik nabarmentzen du jatorri sinbolikoko prozeduren menperakuntza eraketa indibidualaren iturri bezala. Horrela, sozializazioa eta indibidualizazioa bateratu egiten dira. Modu horretara ulertuta, irakaskuntza/ikaskuntza prozesuen ondorioa da jatorri sinbolikoko prozeduren erabilera eta menperakuntza. Izan ere, prozedura horiek konbentzionalak eta arbitarioak -artifizialak- dira, eta beraz, menperatzen dituzten eta erabiltzen dituzten pertsonek irakatsi behar dituzte, eta erabiltzen diren egoera sozialetatik ikasi behar dira. Hitz eginez ikasten da hizketan, baldin eta norbaitek hitz egiten den bezala baino hobeto hitz egiten irakasten badu. Eta idatziz ikasten da idazten, baldin eta norbaitek idazten dena baino hobeto idazten irakasten badu. Azken finean, Vigotskirentzat irakasteak eta ikasteak ez du esan nahi gertaerak emanaldika eta memorizatuz pilatzea, baizik eta zentzuzko egoeretan inplikatzea eta ikasten duten pertsonek irakasten dutenekin egitea gauzak. Ondorioz, batera sartzen dituzte elkarrekin egiten duten hori erregulatzeko eta kontrolatzeko prozedurak.
Azkenik, garrantzitsua da Vigotskiren zenbait ideiek duten gaurkotasun nabarmena kalitatezkoa, unibertsala eta pertsona guztien giza gaitasunak bultzatuko dituen hezkuntzan aurrera egiteko.