Bigarren Hezkuntzan euskararen erabilera nola sustatu: Gazteak eta erregistro kolokiala

2000-07-01

Ez da erraza gai honi ekitea irakurleen artean aurreiritzirik eragin gabe. Azken urteotan ohikoa bihurtu zaigu entzutea "ez dago gazte hizkerarik", "gazteek euskara ez dute erakargarri sentitzen", "gazte hizkera sortu behar da", "gazte hizkerak berez sortu behar du", "Goenkalek eredu ona ematen die gazteei", "Goenkale eredu kaskarra da gazteentzat". Tira, badirudi denok badakigula zer egin.

 
 

Bada garaia, ordea, zenbait oinarri behin-behingoz finkatu eta aurrera jotzeko urratsak emateko. Udako topaketetarako prestatutako saio honetan oinarri horiek zein izan daitezkeen eta aurrera jotzeko zein urrats eman beharko genukeen azaltzen saiatuko gara. Hemen datorrena horren laburbilduma besterik ez da.

Normaltasuna hizkuntza aniztasuna da, uniformitatea ezinezkoa da

Hizkuntzari buruzko definizio ugari eman genezake. Hizkuntza aztergai duen diziplina zientifiko bakoitzak, halaber, azalpen berezia egingo luke. Ez da gure ardura definizio bakoitzak xeheki nola deskribatzen duen ezagutzea hizkuntza zer den jakiteko.
Hizkuntza ezer baldin bada komunikaziorako tresna da, gizatalde batek elkarbizitzaz landu eta doitu duen tresna. Joxe Manuel Odriozolak1 honelaxe dio:
"Gauzak ez dira diren bezalakoak, baizik eta nolakoak diren esaten den bezalakoak". Berez, "izan-dena" nolakoa den definitzen duen jarduera soziala, hizkuntzaren bidezko formulazio sinbolikoa denez, errealitatearen baitakoa da".
Beraz, hizkuntzaren bidez egiten den komunikazioan giza esperientziak eta inguruak zuzeneko eragina dute. Hizkuntzaren ekologiaren ikuspegitik2 giza komunikazioa inguruan gertatzen diren aldaketen arabera gorpuzten da. Denbora, espazioa, aldaketa sozialak, teknologikoak, ekonomikoak... denak dira eragile. Horien arabera, hizkuntza egokitu egiten da aurrean duen errealitatea adierazteko.
Gazteak arretagune ditugularik, zer-nola adierazten dute gazteek haien artean mintzo direnean inguruan duten errealitatea? Euren gurasoek bezala? Ez, noski. Desberdintasuna eraikitzeko beharra du gazteak, identitatea gorpuztekoa. Hizkuntza ere horretarako tresna da.

Azter dezagun gazteen lagunarteko hizkera

Gizarte orotan gazteen arteko komunikazioak forma zehatza hartzen du, "gazte hizkera" deitzen dugun hori hain zuzen. Hori al da, ordea, gazteek ezagutzen duten aldaera bakarra? Ez, noski, ez da erabiltzen duten aldaera bakarra.
Mendebaldeko gizarte honetan haurtzaro-gaztaroak taldetasun sentimendu sakoneko adin multzoak dira. Horrek, bizitzeko esperientzia horrek, gazteei zuzenduriko eskaintza andanarekin (janzkera, musika, aisialdi ekintzak, kirola, hezkuntza...) batera, gazteen lagunarteko hizkerari trinkotasun handia ematen dio.
Gazte euskaldunen kasuan, ukipen egoeran hizkuntza gutxiagotuko hiztun izatearena erantsi behar zaio. Uneko egoeraren argazkia zertzeladetan irudikatu behar izango bagenu, honela adieraziko genuke: komunikazio behar kolokialak asetzeko hizkuntzarik praktikoena erdararen bat dela (gaztelania nahiz frantsesa) eta ez euskara.
Gazte euskaldunen erreferentziazko esparrua (gazte kulturaren esparrua) erdal ekoizpenek osatzen dute.
Gazteen lagunarteko hizkera, taldearen erreferentziazko munduari dagokiona, erdaratik hornitzen den neurrian, erdal erabilerez osatzen da eta bi norabidetan doa: frantsesaren gainean eraikiz, bat, eta espainolaren gainean eraikiz, bestea.
Gazteen kasura etorriz, biziki nabarmena da ez dagoela euskaraz eta gazte euskaldun guztiengana iristen den erreferentzia esparru indartsurik; ez dagoela gazte euskaldunen arteko komunikazio sarerik; ez dutela jasotzen hizkuntza errepertorio normalizaturik; eta ez dutela euskararen erabilera normalizatua egiteko inguru normalizaturik.
Hezkuntza izanik gazte gehienek euskara era normalizatuan erabiltzeko ezagutzen duten esparru bakarra, horrek ez ditu hizkuntzaren erabilera normalizaturako trebatzen.
Esandakoak kontuan izanik, esparru horretan eragin nahi bada, oinarri-oinarrizkoak diren jarrera eta ekimenak behar ditugu. Funtsean hiru ardatzetan bil daitezke:
- Hizkuntzaren baliabideen erabilera eta agerpen normalizatua egin.
- Gazteei zuzenduriko kultur eskaintza osoan euskararen erabilera normalizatu.
- Gazte euskaldunen arteko komunikazioa eragiten duten tresnak sustatu: irrati-telebista, aldizkariak, musika, topaketak...
-
Gazteen hizkera landu eta hedatzeko proposamena
Arantzazun 1968an Euskaltzaindiak euskararen batasun prozesuaren oinarriak jarri ondoren, Txillardegik euskararen batasun prozesua bururaino eramateko Euskal Idazleen Alkartasuna sortzea proposatu zuen bezala, egokia litzateke oraingo honetan inork Euskal Komunikatzaileen Elkartea abian jarriko balu/balute/bagenu. Irakurleak badaki, euskara batuaren ezarpenean eta hedatzean zenbaterainokoa izan den idazleek horren alde egindako apustua. Maila berean jarri behar litzateke oraingoan aipagai duguna.