Adimena berezko duten haurrak

2002-07-01

Adimen gaitasun handira hurbiltzeko, gai honen inguruan hain hedatuta dauden pentsamendu eta aurreiritziak aztertuko ditugu, maila akademikoan eta orokorrean ere bai.

 
 

Adimen gaitasun handiarekin lotuta, badira argitu beharreko kontzeptuak, sarritan elkarren artean ez baitira ondo bereizten: talentua, jeinua, goiztiarra, miresgarriak edo trebeak, besteak beste. Definizio eta adibideen bidez ondo desberdintzen saiatuko gara ikastaroan.

Adimenaz eta adimen gaitasunaz dauden eredu garrantzitsuak eta gaur egun onartuenak direnak azaldu ondoren, kasu eta adibide konkretuak ikusirik, ikastaroaren muinean murgilduko gara.
Gaiaren mamira sartzeko adimen gaitasun handiko haurren ezaugarriak aztertuko ditugu. Ezaugarriak garapenekoak, adimenekoak, nortasunekoak, sormenekoak, ikaskuntza arlokoak dira, eta pertsonarengan, familian, eskolan, lagunen arteko erlazioetan eragina izaten dute.
Haur hauen beharrak asetzeko eta euren egokitzapena errazteko ezinbestekoa da identifikazioa. Horretarako, gurasoentzat edo irakasleentzat erabilgarriak izan daitezkeen baliabide garrantzitsuak ditugu. Bide batez, euren premiak zein diren aztertuko ditugu.
Premia horien artean batzuk familiari dagozkio, eta normala denez, gurasoak desorientatuta egoten dira maiz.
Ondo betetzen al dut nire lana?
Behar duena ematen al diot nire haurtxoari?
Zer egin beste seme-alabekin?
Zer esango diogu irakasleari?
Haurrak jakin behar al du adimen gaitasun handia duela?
Horrelako galderak eta beste batzuk maiz sortzen dira familietan.
Beste behar batzuk eskola eremuan landu behar dira, eta horretarako, hezkuntza erantzun egokia ematea ezinbestekoa da. Haur bakoitzak, desberdina den heinean, erantzun bakarra behar du. Erantzun horiek globalak izan daitezke eta aniztasunari erantzutea baino urrutiago doaz; beste batzuetan erantzunak zehatzagoak dira. Esku-hartze bakoitzak dituen alde baikor eta ezkorrak aztertuko ditugu haurraren osotasuna ahaztu gabe.
Hezkuntzako erantzunen artean legeak ahalbidetzen dituenak eta beste herrialdetakoak ere ikusiko ditugu. Erantzunen artean ikastetxe bereziak, bizkortzea, taldekatzea, curriculumaren egokitzapena, tutoretzak, aholkulariak, aberastasuna, ikastalde heterogeneoak eta abar ezagutuko ditugu, bakoitzaren alde baikor eta ezkorrak baloratuz eta aurrera eramateko bete beharreko prozedurak aipatuz.
Zeharka eta mimo handiz, neskak eta adimen gaitasun handia gogoratuko dugu, eta baita ere irakaslearentzat onuragarri diren prestakuntza, jarrera eta ezagutzak nondik norakoak izan daitezkeen ere.
Familia eta haurren arteko elkarreragina ukaezina da. Azken ikerketen arabera badira kontuan hartu beharreko hainbat gomendio, aholku eta esperientzia.
Azkenik, hezkuntza behar bereziak dituzten haurrak direnez, indarrean dauden lege, agindu eta erabaki garrantzitsuenak ezagutuko ditugu.