Afektibitatea eta sexu hezkuntza gela barruan
> Afektibitatea eta sexu hezkuntza Haur Hezkuntzan
ITURBE, Xabier. Irakaslea eta sexologoa VAZQUEZ, Amaia Psikologoa eta sexologoa
Denok ezagutzen ditugu zenbait psikologo, antorpologo, sexologo... eta beraiei esker jakin dugu haur baten hazkuntza psikologikoan sexualitateak duen garrantzia. Halaber, oso ondo azaldu digute adin bakoitzean zer-nolako adierazpen afektibo-sexualak ematen diren prozesu honetan eta haien zentzua zein den. Hala ere guztiz ere, urte asko behar izan ditugu haurtzaroko behar afektibo-sexualak onartuak izan daitezen. Urte luze horietan gauza asko entzun ditugu, baina bat oso komuna izan da bai etxean eta bai eskolan; hots, helduek ez zituztela ikusten horrelako adierazpenak eta ikusten bazituzten ere ez ziela garrantzirik ematen eta pasatzen uzten zituztela.
Gaur egun Haur Hezkuntzako geletan beste errealitate batekin egiten dugu topo. Gehienetan, ez beti, irakasleak behatzen ditu haurren arteko joko eta adierazpen sexualak, baina ez daki zer egin. Utzi egin behar al diet jolasten? Eta niri jolastea eskatzen didatenean zer egin behar dut? Eta gurasoek jakiten badute? Lan honetan jarduten dugunok urte hauetan jasotako eskarmentuarekin konturatu gara zailtasun handienak irakasleon emozioetan aurkitzen direla, hau da, guk jasotako hezkuntza sexualean: zeren inguruan osatu dugun gure desioa, zer baliotan bizi dugun gure sexualitatea... Errealitate horrekin jotzen dugu gelara eta gure bizipen pertsonalaren arabera epaitzen dugu gure ikasleen sexualitatea.
Aipatu beharra dago, bestetik, eta arestian esandakoa sendotzeko, egun nahikoa baliabide pedagogiko eta material ditugula gela barruan sexualitatea lantzeko. Beraz, lehen zegoen hutsunea betea dago. Horregatik, taile hau planteatzerakoan gure helburua beste bat izan da. Guk proposatzen dizueguna gure haurren larruan sartzea da, geletan ikusten ditugun joko sexualetan sartzea eta ikuspegi horretatik sentitzea gure ahalmena edo ezintasuna. Baina, batez ere, gure bizipenak desdramatizatzea nahi dugu, eta ikustea pentsatzen duguna baino errazagoa dela haurrekin erregistro emozionalean sartzea. Beraz, tailer honetan Haur Hezkuntzan dauden haurren prozesu emozional, afektibo eta sozialetatik zehar ibilbide bat egitea proposatzen dizuegu: gorputzaren ezagutza, genitalitatearen ezarpena, identitate sexuala, marturbazioa, maitemintzea eta abar.Afektibitatea eta sexu hezkuntza Lehen Hezkuntzan
ORMAZA, Agurtzane. Psikologoa eta sexologoa KARRERA, Iñaki. Pedagogoa eta sexologoa
Jakina denez, hezkuntza arloa berritu egin da azkenaldian eta, horri lotuta, ikastetxeetako egitaruetan ere aldaketa eta egokitzapen ugari izan dira. Hori kontuan hartuta, sexualitateari dagokin jarduera ere aldatu egin da eta irakasleei gero eta zailagoa iruditzen zaie alor garrantzitsu hau lantzea.
Hemen azaldutako proposamenaren bidez, gure asmoa da sexualitatea jorratu orduko irakasleei hainbat bide adieraztea eta tresna batzuk ematea. Ikusiko duzuenez, proposamen honetan jarraibide orokorrak baino ez dira azalduko. Abiapuntu horretatik hasita, ondoren irakasle eta ikastetxe bakoitzak aukeratuko du zein diren egokienak eta nola jorratu gura duten gai hau, ikastetxeak bere filosofia, diseinua, beharrizanak eta ezaugarriak oinarritzat hartuta.
Sexualitateaz pentsatzen dugunean kontuan hartu behar dugu sexualitatea izakiaren atal bat baino gehiago dela, izakiaren osotasuna hartzen baitu. Izaki sexudunak gara ikuspuntu guztietatik: psikologikoki, gorputzaren aldetik, gizartearekiko eta abar. Gure gorputzaren bitaratez komunikatzen gara besteekin; gure sentimenduak, pentsamenduak... gure izaera azalduz. Norberak bere sexualitatea berezitasunez bizitzen du, era berezi hori norberaren berezitasunean oinarritzen delarik. Ez dago sexualitatea era berdinean bizitzen duenik, ustezko bizipen bakarraren aurrean mila formatako bizipenak zabaltzen baitira. Sexualitatea, beraz, gure bizimoduari, jarrerei, ohiturei, pentsamoldeari eta abar loturik dago. Arrazoiketa horien ildotik, proposatzen dugun ikastaroak ikasleen/irakasleen jarrerak, jakin-minak, informazioa eta zalantzak biltzen ditu. Ikastaroaren bitartez landu nahi ditugun helburuak hauexek dira: irakasle bakoitzak bere sexualitateari buruz hausnarketa zenbait egitea, bere ikasleen lekuan jartzea, bere zalantzak argitzea, giza izate sexualari buruzko oinarrizko ezagupenak lortzea, sexualitatearen jarrera baikorrak lantzea, haurraren identitate sexuala garatzea, gai sexualari buruko elkarrizketa eta komunikazioa bideratzea eta abar. Lehen Hezkuntzan helburu zehatz batzuk hartu behar ditugu kontuan, 6 urtetik 11 urtera arteko haurrek dauzkaten ezaugarriekin lotuta daudenak. Helburu nagusia hauxe da: gizakia erabat eta bere osotasunean garatu nahi dugu alor hauetan; eremu intelektualean, motorean, harremanetan, gizartean duen portaeretan eta oreka pertsonalean zein afektiboan. Adin horietan sexualitateari dagokionez, hau hartu behar dugu aintzat: - Familia, irakasleak, lagunak, mass media eta abar direla medio haurrak bere sexu identitatearen kontzientzia hartzen du, eta hori bizitza osoan geratuko den zerbait da. - Haurra sexuen artean nolako desberdintasunak dauden ikasten hasiko da eta horiei lotuta zer rol dauden. - Gero eta ageriago geratzen da haurrek sexuarekin lotutako gaiei inguruan duten interesa. - Haurrak gero eta gehiago parte hartuko du joko sexualetan. - Haurra nagusien moral sexuala barneratzen hasia dago. -Kasu batzuetan masturbazioaren plazera mantentzen edo aurkitzen dute.Afektibitatea eta sexu hezkuntza Bigarren Hezkuntzan
MERINO, Garbiñe. Psikologoa eta sexologoa MURUA, Mertxe. Psikologoa eta sexologoa
Tailer hau 12 eta 16 urte bitarteko gazteekin lan egiten duten irakasleei zuzendua dago.
Sexu hezkuntzak eskola sisteman nolako garapena izan duen begiratzen badugu, berehala konturatuko gara azken urteotan gero eta material eta baliabide gehiago lortu ditugula arlo hau irakaskuntzan lantzeko edo praktikan jartzeko. Irakasleak dagoeneko ez du zailtasunik zer (helburuak eta edukiak) eta nola (metodologia eta baliabideak) egin bilatzeko, ia ikastetxe gehienetan ondo antolatutako sexu hezkuntzako programak baitauzkate.
Hala ere, nola jokatu ikasleen algaren aurrean? Nola erantzun eduki pertsonalak dituzten galderei? Zer egin hainbat alderdi jorratzeko garaian sentitzen dugun lotsarekin? Hori da zailena irakaslearentzat. Ez dugu ahaztu behar gazteekin lan egiten dugun askok nolako sexu hezkuntza jaso genuen: plazera arriskuari, bekatuari, klandestinitateari... lotuta zegoen. Horregatik, tailer honen helburu nagusia da gizaki sexualaren aurrean ditugun portaeren inguruan hausnartzea eta lantzea da, ikasleen aurrean erosoago senti gaitezen sexualitateari heltzean. Tailer honen helburuak hauek izango lirateke: - Nerabezaroko sexualitatearen bizipena eta adierazpena ezagutzea. - Gelan sexualitatea lantzerakoan gazteen lekuan jartzea beraien bizipenak ezagutzeko. - Sexu hezkuntza lantzerakoan gure jarrera zein den hausnartzea eta jarrera hori gure bizipenetatik eta iritzi pertsonaletatik desberdintzen ikastea. Helburu horiek lantzeko hausnarketarako espazio ludiko bat sortu nahi dugu. Bertan gelan nerabeekin lantzen ditugun dinamikak bizi ahal izateko. Esperientzia horren bidez helduok hobeto uler dezakegu nerabeek zer sentitzen duten, eta hori oso baliagarria da gero ikasleekin egoera horiek maneiatu ahal izateko. Lan hau egin ahala nerabeen beharrak, desioak eta sentimenduak zein diren ezagutuz joango gara. 12 urtetik aurrera garrantzi handiko zenbait aldaketa fisiologiko, psikologiko eta sozial gertatzen dira. Horietako batzuk garatuko ditugu gure saioan: - Gizon batek eta emakume batek nolakoak izan behar duten. - Gorputz aldaketen onarpena eta horrek dakarrena autoestimurako. - Masturbazio esperientziak eta horrelako plazeren aurreko jarrera. - Sentimendu berrien agerpena: erakarpen sexuala eta maitemintzea. - Bikoteko lehen esperientzia sexualak.