Gardner

2002-07-01
 
 

Adimenaren psikobiologia

JAUREGI, Joseba.
EHUko Psikologia Fakultateko irakaslea
Mediku psikiatra

Ikastaro honen helburua adimena kontzeptuaren inguruan Gardnerren ekarpenek sortu duten irekierari buruz gogoeta bat burutzea dateke eta nire atalak, zehazki, adimena eta biologiaren arteko harremanak izango ditu aztergai.

Adimen kontzeptua gogoeta filosofiko osoan esistitzen bada ere, ez da formalki agertzen azterketa objektibo baten helburu bezala XIX. mendearen bukaerara arte. Ordutik hona, psikologia aplikatuaren baitan indarra hartuko du, baina, paradoxikoki, garapen teoriko urria izango du. Ez dago adimenaren psikologia bat, emozioaren, pertzepzioaren, pentsamenduaren eta beste oinarrrizko prozesuen kasuan bezala. Adimen kontzeptuaren mugak beti izan dira lausoak, eztabaidatsuak eta akordiorik gabeak. Bere baitan hainbat prozesu psikikoen eragina narbarmentzen da, hainbat proportziotan, ikuspuntuaren arabera: arreta, pertzepzioa, arazoibide eta oroimen motak, hizkuntza, motrizitatea, emozioa... Era horretan, kontzeptuaren beraren baliogarritasuna zalantzan jartzerik ere balegoke, eta jarria izan da sarri. Psikologiaren eta psikiatriaren eremuetatik, egoera horren azterketa kritiko bat proposatzea izango da lehenik egin beharrekoa.

Ondoren, alderdi biologikoari helduko gatzaizkio. Adimena, dena dela, zerbait bada ere, gorputzeko organu baten fisiologian oinarritzen da, garunean, hain zuzen ere, jauzi egiteko ahalmena zangoetako giharre-zainetan oinarritzen den bezala. Biologiak eta Psikologiak bataren eta bestearen historia laburrean harreman aldakorrak izan badituzte ere, gaur egun oso elkarturik dabiltza, eta Gardner bezalako psikologoek zerikusia izan dute horretan. Izan ere, psikologiaren hainbat korronteren artean dinamikoenetakoa izango da gaur egun psikologia kognitiboa deiturikoa, ageriko jokaerak ezezik, ezkutuko prozesu mentalen legeak aztergai dituena. Psikologia horrek bat egin du beste jakintza arlo batzurekin zientzia kognitiboaren esparrua sortzeko: neurozientziak, adimen artifiziala, linguistikoa, logika... Elkarlan hori oparo ari da emaitzak ematen eta, besteak beste, garunaren funtzionamendua aztertzeko teknika berriak direla medio, etorkizun handikoa dirudi. Horregatik, adimenaren alderdiekin zerikusia lutekenak azpimarratuz, nerbio sistemaren fisiologiaren aurkezpen orokor bat egingo dugu. Adimen mota desberdinen kokapen eta sustrai neurobiologiko hipotetikoak aztertuko ditugu, halaber.
Azkenik, adimenaren garapenean faktore biologikoek luteken eraginari buruzko eztabaida aurkeztuko dugu: natura/nurtura dikotomia, sexuarena, ikuspuntu ebolutibo onto eta filogenetikoa. Ez dago dudarik azken garaietako aurrerapen zientifikoak, batez ere neurozientzia eta genetika molekularraren arloan, aurretik genituen uste eta ikusmoldeak aldatzera behartuko gaituela, eta horrekin batera baita gure praktikak ere, irakaskuntzaren munduan, besteak beste. Eta horrek, informatua egotea eskatzen du, azken batean beti ideologikoa izango den eztabaida aurrera eraman ahal izateko.

Adimen ezberdinak Gardnerren ekarpen eta proposamenen arabera

OIHARTZABAL, Lontxo.
EHUko Pedagogia Fakultateko irakaslea

Adimenaz eta adimen ezberdinez jardungo dugunez, “adimena” hitzak izan dituen eta egun dituen adiera ezberdinak aztertuko dira lehenik: zer adierazi nahi izaten dugu “adimena” hitza erabiltzen dugun bakoitzean. Gai honen inguruan halako ikuspegi orokor bat eztabaidatzetik abiatuko gara, beraz. Eta era honetako galderei erantzuten saiatuko gara: irakasleok egin ohi ditugun ebaluazio eta informeetan ez ote da “adimena ulertzeko eta baloratzeko” modu bat ezkutatzen? Ikasleak ez ote ditugu, ezkutupeko ikuspegi horrek eraginik, adimen azkarreko, ez hain azkarreko eta makaleko bezala sailkatzen? Zein ondorio ditu horrek guztiak ikasleen ahalmenen garapenerako?

Testuinguru horretan Howard Gardnerrek egin dituen eta egiten ari den ekarpenak azalduko dira. Hark dioenez, zazpi adimen mota hauen jabe gara gizakiok: adimen musikala, zinetiko-korporala, logiko-matematikoa, hizkuntzakoa, espaziala, pertsonen artekoa eta pertsonaren barnekoa. Aurkezpena eta deskribapena egin ondoren, eztabaidatzera pasako gara: zazpi adimen horiek onartu behar ote ditugu? Guztiok garatzen ote ditugu zazpi adimen horiek? Balio berdina ote dute guztiek? Zein ondorio lituzke ikuspegi berri honek hezkuntza eta irakaskuntzarako?

Gardnerrek berak eskolatzearen inguruan egiten dituen gogoetak eta proposamenak aurkeztu eta eztabaidatuko dira.
Egungo gizarteak eskolari eta hezkuntza sistemari egiten dizkion eskakizunen artean, ikasleei elkarrekin airoso bizitzeko beharrezko dituzten gaitasunak gara ditzaten, ezinbesteko eta oinarrizko esperientziak eta gogoetak bideratzeko baldintza egokiak eskaini diezazkiela da lehentasunezkoa. Oraintsu berriki Jose A. Marina irakasleak argitaratu duen saiakera berria hartuko dugu horretarako oinarritzat: etikaren mundua garatzea izan da gizakion sorkaririk gailurrena, ezagutza zientifikoaren gainetik. Ikuspegi horrek, hezkuntza sistemari ezarri izan zaizkion eginkizunak berraztertzea eskatzen du.
Hori dela eta, adimen emozionalaren inguruan zentratuko gara ondoren: gizakiok elkarkidetzan biziko bagara, oinarri-oinarrizkoa da besteen eta norberaren emozio eta sentipenen munduaz jabetzeko eta ulertzeko behar ditugun gaitasunak eta trebeziak garatzea. Carl Rogersek Gardnerrek baino urte dezente lehenago azpimarratu zuen gaitasun eta trebezia horien garrantzia, eta horiek lantzeko hainbat proposamen ere egin zituen. Bi autore hauen ekarpenak elkarrekin lotuz, hezitzaile eta irakasleentzat oinarrizko diren ezagutzak eta jardunbideak aztertuko ditugu azkenik. Izan ere, irakaskuntzan zehar lerroek porrot egin dutela badiote asko eta askok, ikasleak emozionalki inplikatzea lortu ez delako gertatu da, neurri handi batean. Kohlbergek egin zuen eskola=just community izeneko proposamen hura ere gogoan hartzekoa izan daiteke ingurune honetan guztian.

Gardnerren ekarpenaren ondorio pedagogiko praktikoak: nola gara ditzakegu adimenak?

HUEGUN, Axier.
EHUko Pedagogia Fakultateko irakaslea

Raúlek, Río de Janeiroko fabeletako mutiko batek, gorputz mugimenduen bitartez zeinu espresiboak ezin hobeto erabiltzen ditu bere auzoko lagunekin komunikatzeko. Adimen zinetiko aparta du, benetan.

Mehdad gazte iraniarra adimen linguistikoaren hobekuntza maila oso altua lortzen ari da egunero joaten den erlijio eskolan, non Coranaren kantuak irakasten dizkioten.

Mikronesiako puluwat herriko Inwi arrantzale gazteak adimen espazial bikaina du. Esperientziak eman dio, eta izarrak eta eguzkiaren posizioa aztertuz itsasoan ederki asko orientatzen da. Gauza bera gertatzen zaie Kalahari basamortuko Orue ehiztariari eta izoztutako lurraldeetan bizi den Nunavut eskimalari: beren ingurunean orientatzeko eta lurraldearen xehetasun guztiak antzemateko gaitasun bikaina dute.
Alfabetatze matematikoa eta musikala oso ohikoa egiten zaie haur japoniarrei, eta gehientsuenek maila oso altua lortzen dute adimen musikalean eta logiko-matematikoan.
Horrelako adibideak ematen luze eta zabal jarrai genezake; izan ere, arestian aipatu eredu horiek Gardnerren teoriaren agerpen praktikoaren eta errealaren isla baino ez dira. Horixe da saio honetan azaldu eta arakatuko duguna.
Adimen ugariak garatzeko programa batek bilatzen duena da hainbat kulturetan agertzen zaizkigun estrategia eta metodoak gure eskoletan txertatzea; hots, Gardnerrek bere adimenaren teoriaren estimulazioaren bitartez lortu nahi duen pertsona holistikoa, jada, errealitatean existitzen da, hainbat lekutako milaka pertsonetan –arestian ikusi ditugun adibideetan bezalaxe-, eta batzuk seguraski gure gertu-gertukoak izango dira. Horrela, adimenak, edo hobe esanda, hainbat adimen garatuta dituzten pertsonak (logiko-matematikoa, linguistikoa, pertsonen artekoa, espaziala...) han-hemenka barreiaturik daude, eta modu zehatz, oso eta eraginkorrean dute garatuta adimena. Hortaz, saioaren xedea adimenok gure ikasleekin nola landu ditzakegun aztertzea izango da, eguneroko bizitzan horien erabilgarritasuna eta esanahia ikus eta senti dezaten. Azken finean, adimenak nola estimula eta gara ditzakegun ikusi ahal izango dugu.
Halere, horretarako, lehen-lehenik, beste galdera bati erantzun beharko diogu. Zergatik garatu adimen ezberdinak? Hau da, benetan beharrezkoa al da horien garapena? Garrantzitsua eta premiazkoa ote da gaur egungo gizartean aritzeko adimenak estimulatzea? Saioaren hasieran horren guztiaren inguruan arituko gara, eta adimenak eskolan zergatik eta zertarako landu ditzakegun aztertzen saiatuko gara. Ondoren, saioaren mamiari helduko diogu: zer egin dezakegu adimenok garatzeko eta estimulatzeko? Hau da, teoriatik praktikarako jauzia egingo dugu, eta proposamen zehatzak aztertuko ditugu. Horretarako hiru bide landuko ditugu:
1.- Norberaren esperientzia. Norberak, bere ustez, zein adimen mota duen garatuago ikusiko dugu, eta nola iritsi den horretara. Bide honen helburua norberak bere baitan apur bat arakatzea izango, maiz zaila egiten zaigulako azaltzea zergatik garen trebeak jakintza zehatz batean.
2.- Norberak bere eskolan duen esperientzia gai honen inguruan. Norbaitek gai honi buruz zerbait landu duen edo ez ikusiko dugu, zer-nolako emaitzak eman dituen eta abar.
3. Gardnerren beraren eta beste autoreen esperientzia praktikoak eta proposamen pedagogikoak aztertuko ditugu . Hirugarren atal hau saioaren oinarria eta atal zabalena izango da, bertan baitago hitzaldi edo saio honen helburua. Adimen bakoitza adin ezberdinetan estimulatzeko zer-nolako proposamenak dauden ikusi eta zer ondorio pedagogikoak dituzten aztertuko dugu: heziketa helburuak, estrategia didaktikoak, edukiak, hezitzailearen funtzioa...Hori guztia bi ataletan banatuko dugu. Alde batetik, eskola edo zentroko errealitatera mugatuko gara, eta beste aldetik, adimenaren hobekuntzarako bideratutako programa psikohezitzaileen berri emango dugu.