Ahotsaren erabilera egokia

2012-07-01

“Ahotsa zainduko bagenu, ahots-arazoak izateko arriskua ­gutxitu egingo litzateke”

 Hezitzaile-lanbidean, askotan zaila izaten da ahotsa osasuntsu ­edukitzea. Irakaskuntza-arloan, bereziki, disfonia kasuen kopurua gora doa, urtetik urtera. Ikastaroak aukera ederra eskainiko digu disfonia zer den, nola hautematen den, agertu ondoren zer bideri jarraitu behar diogun edota prebentzio-neurriak zein diren ikasteko. 

 
 
Hainbat lanbide ez dira oso egokiak ahotsa osasuntsu edukitzeko; horien artean, irakaskuntza. Edo, agian, egokiagoa litzateke esatea hainbat lanbidetan bereziki garrantzitsua dela ahotsa zaintzea?
Noski. Ahotsa zainduko bagenu, ­ahots-arazoak izateko arriskua gutxitu egingo litzateke; horregatik du garran­tzi handia ahotsa osasuntsu edukitzeko prebentzio-mekanismoak kontuan hartzeak.
Prebentzioaren arlo garrantzitsu bat prestakuntza da: ahots osasuntsuaren ezaugarriak eta hori lortzeko erabili  behar diren mekanismoak ikasiko direlako.
Horretaz guztiaz gain, gure lanbidea irakaskuntza denean, beste zenbait gai hartu behar ditugu kontuan: sozialki eta profesionalki hitz egin beharra, ­ahots-esfortzu kronikoa, taldeetako haur kopuru handiegia, talde zarata­tsuak izatea, segidan ordu gehiegi hitz egitea, ikasgelaren akustika desegokia, ikasgelatik kanpo oihu egin beharra... Horrek hitz egiteko teknika ikastea, ondo neurtutako ingurunea eta lehen aipatutako prebentzioa eta prestakuntza dakartza berarekin.
Ahots osasuntsua izateko desegokiak diren ohiturak saihestu, eta, horien ordez, ohitura egokiak ikasi behar dira.
Zer faktorek eragiten dute batez ere ahots-arazoen agerpenean?
Alde batetik, faktore biofisikoak aipatu behar dira. Horien artean, gaixotasunak eta ohiturak hartu behar ditugu kontuan: alergiak, arnasa beti ahotik hartzea, postura desegokiak erabiltzea, tabakoa, sudur-higienea, eta abar.
Bestetik, hor daude alderdi psikologikoak ere: erlaxazioa, neke fisikoa eta mentala, estresa, eta abar. Unean uneko egoera psikologikoak zerikusi handia du ahotsa erabiltzeko moduan: pozik, triste edo haserre gaudenean, ahots desberdinak ateratzen zaizkigu, ezaugarri desberdinak dituztenak, eta horiek guztiak ezagutu eta kontrolatu ­egin  ­behar dira.
Eta, azkenik, alderdi soziala daukagu: klima, lanbidea, aisia, aire girotua, familian komunikatzeko dugun ohitura, eta abar.
Zenbateraino ezagutzen dugu gure ahotsa? Zertan lagunduko digu ezagutza horrek?
Normalean, gure ahotsa oharkabean erabiltzen dugu. Arazorik izan ez badugu, ez diogu garrantzirik ematen: ez dakigu airea dugun ala ez, indarra non egiten dugun, eta abar.
Ahotsaren ezaugarriak eta bertan parte hartzen duten mekanismoak ­ikasten direnean, ahotsaren erabilera kontzientea egingo dugu, eta era egokian erabiltzen dugun ala ez ohartzeko balioko digu horrek. Gainera, aldatu beharrekoak hautematen erakutsiko digu ahotsaren erabilera kontziente horrek.
Norberak bere ahotsa ezagutzeko aukera izateaz gain, zer gehiago ikasiko du ikastaroan?
Ahots-teknika egokia erabiltzeko behar ditugun ezagutzak izango dira bereziki; eta, noski, horrekin batera, teknika horren osagai diren arlo guztiei buruz hitz egingo dugu: arnasketa, erlaxazioa, erresonantzia, erritmoa, ­ahoskera, prosodia, inpostazioa, eta ­abar.
Hori guztia era teorikoan ikusiko dugu, baina baita praktikoan ere.
Ikastaroan, norberak aukera izango du ahotsa bere gorputzean sentitzeko, eta, horrela, orain arte era desegokian erabili dituen ahots-ezaugarriak ­egokiro erabiltzen ikasiko du.
Gainera, norberaren ahotsa irakaskuntzak eskaintzen dizkigun egoeretara egokitzen ikasteko ahalegina egingo dugu.
Laburbilduz, gure hizketako aho­tsaren erabileraren oinarri bat ikasiko dugu; ahotsa osasuntsu dagoen ala ez bereizten ere saiatuko gara, eta, azkenik, ditugun prebentzio-mekanismoak ezagutuko ditugu.