Euskara proben eraikuntza

2012-07-01

“Ondo ebaluatzeko kezka areagotu egin da, zorionez”

 Irakasleen lanetako bat ikasleak ebaluatzea da, eta ebaluatu beharreko ikasgaietako bat hizkuntzarena ­izaten da. Eginbehar horretan, sarritan, ikasleak “ondo nola ebaluatu” ­erabaki behar izaten dute, eta horren arabera sortu behar dituzte azterketak eta ebaluatzeko beste hainbat tresna. Ebaluazioa zuzena eta lagungarria izan dadin kontuan izan beharreko hainbat irizpide azalduko dituzte ikastaroan.

 
 
Aspalditik dator euskara ondo ebaluatzeko kezka. Eraginik izan al dute horretan  erakundeek ematen dituzten tituluek?
Bai. Euskararen ebaluazioaren gaineko kezkak areagotu egin dira ebaluazioak egin ondoren erakundeak tituluak ematen hasi direnean. Gaur egun badakigu euskarako tituluek garrantzi handia dutela esparru askotan: besteak beste, lan munduan. Tituluen kontua alde batera utzita, hezkuntza formalean ere, profesionalek beti ­izan dute ikasleak ondo ebaluatzeko jakin-mina, betiere, jarduera profesionala hobetu nahian: zertan aurreratu duen ikasle bakoitzak, zertan ez, eta abar. 
Antzeman al duzue aldaketarik ebaluazio lan horretan?
Zorionez, esan genezake ondo ebaluatu nahia areagotu egin dela. Alegia, ebaluatzea, beste edozein jarduera bezalaxe, espezializazioa da, prestakuntza eskatzen du, eta gero eta kezka nabarmenagoa sortu du, hutsegiteak baztertu nahian. Ildo horretan, esan genezake, irakasleek bi premia mota izaten dituztela: bata ohiko ikasleen aurrerapausoen ebaluazioari dagokiona; eta bestea, berriz, euskarako tituluren bat ­emateko egin beharreko ebaluazioari dagokiona. Lehen kasuan, euskarako irakasleek jakin-mina dute, ikasleei laguntzeko. Bigarren kasuan, euskarako irakasle asko, aldi berean, aztertzaile dira epaimahaietan edo ikastetxeetako ikasgeletan, eta, azterketa horien ondorioz, nota jarri behar dute, edo titulua eman edo ukatu.
Ebaluazio zuzen bat egiteko zer izan beharko litzateke kontuan?
Ebaluatzen hasi aurretik honako galdera honi erantzun beharko genioke: “Zertarako ebaluatu behar dugu?” Horren arabera, askotariko irizpideak izango dira. Gero, hainbat alderdi tekniko bermatu behar dira: objektibotasuna, fidagarritasuna eta, azkenik, baliozkotasuna. Adibidez: ikasgai askotako helburuetan edo gaitasunetan, ­ikasleek hainbat prozesu mental landuko dituztela zehazten da (ulermena, analisia…), baina, ohiko azterketetan, ez da neurtzen edo ebaluatzen ezagutza edo memoria besterik. Horrelakoetan, noski, ez da bermatzen inolaz ere azterketen baliozkotasuna.
Aurreratu al ditzakezue adibide oker eta zuzen batzuk?
Trebetasunak neurtzerakoan, esaterako, Erreferentzia Markoak ez du zehazten nola neurtu; aitzitik, trebetasun guztiak neurtu behar direla dio. Alde horretatik, zenbait ebaluazio sistematan trebetasun batzuk ez direla neurtzen ikusi dugu, edota neurtze sistema ahula dela. Aldi berean, ­edozein ebaluazio sistemak oinarrizko ­arau batzuei jarraitu behar die: neurtu beharrekoa neurtu behar du, eta ondo gainera. Adibidez, testu baten ulermena neurtu nahi bada eta, horretarako, aukera anitzeko galderak erabiltzen badira, enuntziatuan soilik beharrezko informazioa erantsi behar da, azterketaria alferrik nahastu gabe eta emaitza kutsatu gabe.
Zer da, zehazki, ikastaroan egingo duzuena?
Euskara probak aztertuko ditugu irakasleekin: itemen analisian, fidagarritasunean, baliozkotasunean edota baremoen eta puntuazioen interpretazioan sakonduko dugu. Saioak teorikoak eta praktikoak ­izango dira, eta adibide okerrak eta zuzenak aztertuko ditugu. Gainera, hainbat jorratuko ditugu: gaitasunen ebaluazioa, azterketen eraikuntza, hizkuntza ebaluatzeko baldintzak, hizkuntza azterketak prestatzeko urratsak, Europako Marko Bateratuak dioena, itemen idazketa eta zuzenketa, proba baten egituraketa egokia, eta abar. Adibide zuzenak eta okerrak azalduko ditugu, ariketa txikiak egingo ditugu, eta norberaren kezkei modu praktikoan erantzuten ahaleginduko gara.