NitikGura. Idazketa sortzailea

2012-07-01

“Euskaraz idazteari gustua hartzeko, hainbat baliabide ­probatuko ditugu”

 Yolanda Arrietak “zakukada hazi” eman nahi dizkie ikastaroan parte hartuko dutenei; joko eta dinamika askeak planteatuko ditu, eurek sortu ahal izateko eta gelan ikasleekin ­idazketa sortzailea landu ahal iza­teko.

 
 
Askotan, idazteko zerbait daukagula iruditzen zaigu, baina lotsa edo beldurra sortzen zaigu, eta ez gara paperaren aurrean jartzen. Izu hori gainditu al daiteke? Ikas al daiteke?
Uste dut baietz. Benetako ikasgaiak ekinaren bidez ikasten ditugu, eta, horrenbestez, esango nuke idatziz ikasten dela idazten, nahiz eta idazketa-prozesuan beste aditz askok ere lekua izan: ­idatzi, irakurri, ozen irakurri, norbaiti ­irakurri, entzundakoa idatzian txertatu, aldatu, eraldatu, itxuraldatu, ezabatu, berriro hasi, berridatzi…
Hala ere, paperaren aurreko izua ez da horren txarra. Erronka bat da. Eta ­erronken aurrean nork bere hautua egiten du. Esan dezakegu: “Zer zaila”; esan dezakegu: “Ez dakit nondik hasi”; esan dezakegu: “Nola egin behar ote da hori?”; edota, ezerezera salto txiki bat ematen ausart gaitezke, eta esan dezakegu: “Ea zer ateratzen zaidan”. 
Idazketa sortzailea landuko duzu ikastaroan. Zer da ikas daitekeena? Zertan lagun dezake bide batzuk edo baliabide batzuk ezagutzeak?
Idazketa sortzaileak aukera ematen digu hitzen bidez eremu ezagun eta ­ezezagunetan arakatzeko, ustez galdutzat ematen genituen oroitzapenen zertzeladak berreskuratzeko, emozio lagunen eta kontrajarrien artean paseatzeko, segundo bakoitzaren pertzepzioa bikoizteko, nitik gura doan dinamika barnekoi baina partekatu batean.
Saioen hasieran, beroketa-jokoak egingo ditugu, eskua askatzeko, luma berotzeko eta irudimena abian jartzeko. Bi minutukariak izeneko proposamenak egingo dira, bat-bateko idazketa lantzeko. Sortzen diren idatziak ozen irakurriko dira, sormen-prozesuaren alde pertsonal eta originala aldarrika­tzeko. 
Gero, Literaturaren kategoria nagusiak abiapuntutzat harturik, idazlan txikiak sortuko ditugu, genero guztiak lan-tresna eta baliabide bihurtuta. Sorturiko hainbat zirriborro aztertuko ditugu taldean, hiru ezaugarri oinarri hartuta: argitasuna, ulergarritasuna eta freskotasuna. Saio bakoitzaren hasieran, aurreko egunean egindakoa gogoratuko da, ohar laburren bidez.
Laburbilduz, euskaraz idazteari gustua hartzeko, hainbat baliabide probatuko ditugu. Azken finean, zein da asmoa? Zakukada hazirekin bueltatzea etxera, gogoa bero eta ilusioa esna. 
 
Umeek ikaragarrizko sormen-gaitasuna daukate. Zertan lagun diezaioke irakasleari berari eta haurrari irakasleak idazketa sortzaileari buruzko nozio batzuk edukitzeak?
Plan zehatzen eta eduki egituratuen lagungarri den zerbait eskaini nahi dut. Idazketaren alde sortzailea lantzean, joko eta dinamika askeak eskaini nahi dizkiet irakasleei, ikastetxeetako material kodifikatuan txertatzeko modu­koak. 
Haurrei begira baina bitartekari helduekin arituko naizenez gero, irakasleek aukera bikoitza izango dute lantegian. Batetik, partaide aktibo eta heldu gisa parte hartzeko, nork bere izenean. Eta, bestetik, eskarmentu horrekin ­batera, material mordo bat jasotzeko; ­gero, gelan erabili ahal izango dute, ­beraien nahi eta beharretara egokituta.
Bakarka egiten den ekintzatzat hartzen da sarri idazketa, baina ez du zertan hala izan, ezta? Sortutako hori partekatzeak zer ematen dio idazleari?
Entrenamendu moduko zerbait bezala ikusten dut idazketa, eta, neurri handi batean, iruditzen zait bakarkako lana dela, bai, nork bere baliabide eta mugekin topo egiteaz batera, nork bere esateko modu partikularra deskubri­tzeko erronka eskaintzen duelako. Baina plazer hori hirukoiztu egin daiteke, batez ere, ekimen berean ari direnekin partekatzen denean. Gainera, abiapuntu beretik zer-nolako emaitzak ateratzen diren ikusteak aukeren eremuak zabaltzeaz gain, gauzak esaten jarrai­tzeko gogoa bistarazten du, eta “ondo” ­edota “gaizki” kategoriak apur bat ­aparkatu, idazketa bera, prozesua bera, hots, bidea bera, gailentzeko.