Afektibitatea eta Sexu Hezkuntza. Euskal Herriko sexu hezkuntzaren jardunari buruzko hausnarketa

2000-07-01

Frankismoaren garaia bukatuta eta transizioan geundelarik, sexu hezkuntzaren garrantziaz mintzatzen hasi ginen. Nahikoa galduta genbiltzan, egia esanda, baina garbi geneukan gauza bat zera zen: bizitutako eredu errepresiboetatik atera behar genuela eta jo eta ke informazio sexuala helarazi behar genuela ugalketa eskematik atera ahal izateko eta gozamenaren bizipenaren jabeak bihurtu ahal izateko.

 
 

Ideia horiekin zenbait teoria eta programaketa kurrikular burutzen hasi ziren osasunaren lanketaren barruan; hau da, irakasleek hortzak garbitzeko unitatearen ondoan sexualitatearen unitatea zeukaten, baina beti salto egiten zuten eta hurrengo unitatearekin jarraitzen zuten. Oso normala zen hori. Nor ausartzen zen organu genitalak nola garbitu behar ziren azaltzera? Eta gainera, euskaraz?

Ondo gogoratzen dut komunikabide batean lehenengo aldiz zakilaz eta klitoriaz hitz egin nuenekoa. Imajina dezakezue zenbat dei jaso ziren, eta ez zorionduz, noski. Nahiko iraultzailea izan zen komunikabideetan horrelako gauzez hitz egitea.
Garai hartan Madrilen INCISEXen sexu hezkuntza ikasi genuen batzuk eskoletan afektibitatea eta sexu hezkuntza ikastaroak burutzen hasi ginen irakasle eta guraso ausartek deiturik. Ikusmin handia sortzen zen eskolara iristen ginenean. Material gutxi geneukan (Jose Luis Garciak argitaratutakoa), baina zenbait programaketa burutzen genituen osasun ereduaren barruan. HARIMAGUADA programak ezagutu genituen. Nolanahi ere, zenbait ekimen oso aurrerakoiak ziren garai hartarako, eta ez ginen ausartzen gela barruan burutzen.
Irakasleei ere formakuntza ereduak ematen hasi ginen. Halere, urteak pasa behar izan ditugu, eta oraindik ere ez dugu lortu irakaslea bera izatea afektibitatea eta sexu hezkuntzaren ardura hartzen duena. Horrela, partxeo lana egin dugu eskolaz eskola, gauzak argiago ditugula, noski. Adibidez, hezkuntza mota honetan, sexu informazioa beharrezkoa izanik, ez dela nahikoa. Egun sexualitatea gizarte trebetasun gisa jorratzen dugun komunikazio eredu batean aritzen gara, horrek guztiak duen eragina gure programaketan sartuz.
Alabaina, bidea luzea da oraindik. Sexu hezkuntza lantzen duten eskolak gutxi dira, eta batez ere pubertaroan eta nerabezaroan aritzen dira (arriskuak ekiditeko heziketa da). Oraindik hutsune oso larriak eta handiak daude Haur eta Lehen Hezkuntzan. Eskolak adin horietan ez du ia ezer lantzen, eta irakasleriak beldurragatik, formazio eskasagatik edo dena delakoagatik, oraindik ez du bere gain hartu beste sexu hezkuntza mota bat.