Bigarren Hezkuntzan euskararen erabilera nola sustatu: Ikastetxeen Normalkuntza planak

2000-07-01
 
 

> Ikastetxeetako hizkuntz normalkuntzaren xedeak, abiaburuak eta mugak

Hizkuntz normalkuntza, beste hainbat kontzeptu bezala, egoeraren araberako da berez: "hemen eta orain" egiten den edo egin litekeen normaltze-bidea definitu eta aztertu behar izaten da, hortaz, beti eta nonahi aplikatzeko berdin balio lukeen egituraz jardun ordez. Horrek ez du esan nahi, halere, hizkuntz normalkuntzaren "zakuan" edozer gauza kabitzen denik. Izan ere, bai bere abiaburu sozio-filosofikoetan, bai xede operatiboetan eta bai jardunbide praktikoaren eragozpen-mugetan, baldintza jakinetara loturik joan ohi da eskola munduko edozein normalkuntza saio.
Ezaugarri komun horiek dira, konkretuki, oraingo honetan gogoan hartu nahi direnak; ezaugarri horiek eta, horietatik abiaturik, gure egoera konkretuak ezartzen dituen bestelako tasunak.
Horrela, abiaburuei dagokienez, hizkuntza ahula indarberritzea da normalkuntza saioaren asmo nagusia. Zenbateraino indarberritu nahi da, ordea, hizkuntza ahula? Indarberritze horrek begiz jotzen duen (bai eta, gordinago esanik, begiz jo dezakeen) funtzio eta esparru banaketa da, dudarik gabe, aldian aldiko xedeak argi finkatzeko lanik delikatuena. Gizarteak (ez eskola munduak bakarrik, bere hutsean) iritsi behar du, noski, gauzak taxuz egin nahi badira, aurrez aurreko hizkuntza bien funtzio eta esparru banaketaren oinarrizko adostasun batera. Gero, adostasun horren gainean, bere buruari itxura batean eutsiko dion eskola alorrerako normalkuntza saioa errazago (eta arrakasta-aukera sendoagoz) eraiki daiteke, noski. Funtzio eta esparru banaketaren garrantzia berriro mahaigaineratu beharra dago, hortaz.
Xedeei dagokienez, bestalde, bistan da 1980 urte inguruko paradigman (eta haren ondoriozko lege markoan) oinarritua dagoela EAEko ikastetxeen gaur eguneko normalkuntza saioa. Paradigma haren ezaugarri nagusiak azalduko dira, halako xehetasun batez. Bai eta bere ahuldade batzuk, ustezko edo begien bistako, azpimarratuko.
Eragozpen-mugei dagokienez, azkenik, eskola barruko ordainsari sistema gizarte osoaren ordainsari sisteman txertatzeak sortzen du gaur eguneko erronka nagusietako bat: ez bakarra, inondik inora, baina bai nagusietako bat. Gutxi landutako puntua da hori ere, gure literatura teknikoan; eta, horrexegatik, argitzapen saio sendoa eskatzen duena. Hartara zuzenduriko gogoeta pare bat eskaintzen da oraingoan, bihar edo etzi etor daitezkeen zehaztapen handiagoen akuilagarri.
Honek guztiak emendiozko argibiderik eskain dezake, hala uste da behintzat, gure eskola munduan ia mende laurdenez osatzen eta gorpuzten ari den normalkuntza saioa hobeto ulertzeko. Ohituegiak gaude guztiok hizkuntz plangintzaren teoriazko gogoeta bidea alde batetik eramateko eta irakasmunduko normalkuntza programen aplikazio praktikoa bestetik. Eginbehar biak egokiago uztartzen laguntzeko saioa izan nahi luke azalpen labur honek.

Ikastetxeen Normalkuntza Planak

Hizkuntzaren erabilera
- Ikastetxeen ekimenak:
+ Ekintza puntualak
+ Plan osatuak
- Hezkuntza administrazioa eta ikastetxeen arteko ekimenak-NOLEGA:
+ Dirulaguntzak
+ Eskola Antzerkigintza
+ Eskola Bertso-lanketa
+ Eskola Kantagintza
+ Ikasgelaz Kanpoko Ekintzak (IKE)
+ Euskal Girotze Egonaldiak (EGE)
+ Ikastetxeen Arteko Binakako Loturak (IKABIL)
- Hitzarmen bidezko eskaintzak
+ Idazleak Ikastetxeetan (EIE-Euskal Idazleen Elkartea)
+ Euskara Zine Aretoetara (TINKO Euskara Elkartea)
+ Euskal Girotze Barnetegiak: Alkiza, Plentzia, Espejo, Segura eta Elgoibar
+ Euskararen Kalitatea. Sari-lehiaketak: Urruzuno (gazteen literatura), Abelino Barriola (deklamazioa eta ahoskera)
+ Prestakuntzarako ikastaro-mintegiak
+ Hizkuntz Normalkuntzako ikastaro-mintegiak: IRALEko R ikastaroa, Sakontze ikastaroa eta Alfabetatze Teknikoa
+ Eskola Antzerkia: oinarrizkoak eta sakontzekoak
+ Ahoskotasuna: gelarako lan proposamenak
+ Irakurzaletasuna
+ Euskara Teknikoa
+ Itzulpengintza: curriculumeko arloetan
+ Aho Hizkuntza: alderdi formalak, euskalkiak
+ Euskara hobetze-gaurkotze ikastaroa
+ Bizkaiera
+ Ikastetxeen Errotulazioa
+ Beste erakundeen ekimenak: udalak, Foru Aldundiak, guraso elkarteak, euskara elkarteak eta abar.

Ikastetxea eta harremanak

- Ikastetxean bertan: helduen arteko harremanak, ikasleekin, klaustroak, mintegiak, material idatzia...
- Gurasoekin: gelako bilerak, batzarrak, gurasoak normalkuntzarako eragile eta abar.
- Erakundearen kanpo proiekzioa: herriko beste erakundeekin, beste administrazioekin, hornitzaileekin, bestelako elkarteekin eta abar.

Ikastetxeetako hizkuntz normalkuntza planak

- Oinarriak
- Hainbat datu
- Funtzionamendu eredua:
+ ULIBARRI programa
+ Hizkuntz Normakuntza plana ikastetxearen baitan.
- Lorpenak eta ondorioak