Bigarren Hezkuntzan euskararen erabilera nola sustatu: Kuadrillategi: koadrilak euskaraz bizitzeko proiektua

2000-07-01

Topaketa hauetako gure hitzaldian 1997ko irailetik 2000ko otsailera bitartean Lasarte-Oriako udalerrian egindako esperientzia azalduko dugu. Esperientzia horren izena Kuadrillategi da: koadrilak euskaraz bizitzeko ikerketa-proiektua da.

 
 

Proiektuaren helburua gazte lagunarteen kaleko euskararen erabilera finkatzea izan da; hots, erdarazko hizkuntz ohitura zuten lagunarteetan euskarazko ohitura sortzea, eta horretan zentratu da gure interbentzioa.

Horretarako, gure lan unitatea lagunartea izan da. Gure aburuz, hizkuntza baten erabilera eta hizkuntz jokaera mekanismo kolektiboetan oinarritzen dira, eta ez indibidualetan: hizkuntza bat erabiltzeko gutxienez bi pertsona behar dira. Hori dela eta, gazteen artean kalean ematen den egitura kolektibo sendoena eta esanguratsuena lagunartea edo koadrila da.
Esperientzia honen atal guztiak azalduko ditugu: oinarri teorikoak, nola lan egiten dugun lagunarteekin, zer tresnak erabiltzen ditugun... eta ondorioak edo emaitzak. Horrekin guztiarekin batera, esperientzia hau beste herrietan zabaltzeko proposamen zehatza esplikatuko dugu, betiere 14-16 (DBH 3 eta 4) urteko gaztetxoak oinarritzat hartuz, eta ikastetxeekin lan harremanak bultzatuz.