Bigarren Hezkuntzan euskararen erabilera nola sustatu: “Maita nazazu gutxiago eta goza nazazu gehiago” motibazio saioak

2000-07-01

Maita nazazu gutxiago eta goza nazazu gehiago Ttakun kultur elkartearen egitasmo bat da. Lasarte-Orian euskararen normalizazioa bultzatu asmoz sorturiko elkarteak, hasiera-hasieratik gazteek osatzen duten taldea oso kontuan izan du.

 
 

Ttakun kultur elkarteak gazteentzako duen egitasmoari Gazte Plana izena jarri zaio, eta Lasarte-Oriako ikastetxeekin, Udaleko Euskara Batzordearekin eta PATeko euskara teknikariarekin adostu da, herrian gazteen artean euskararen erabilera areagotzeko lanean ari diren erakundeen arteko elkarlana bultzatuz.

Gazteentzako egitasmoa edo Gazte Plana lau zutabetan oinarritzen da: informazioa, motibazioa, eskaintza eta inplikazioa. Informazioaren atalean, gazteei euskararen inguruko edo euskaraz den informazioa ematen zaie. Horretarako, gazte aldizkari bat sortzeaz gain, herriko aldizkaria ere etxean jasotzen dute.
Maita nazazu gutxiago eta goza nazazu gehiago saioek motibazioaren atalean izango lukete kokalekua. Saio horietan, gazteekin hizkuntzaren inguruko zenbait gai landu eta horien inguruan hausnartzea bilatzen da, nolabait ere, motibazio kontziente bat lantzea.
Gainera, eta egitasmoaren hirugarren oinarri gisa, aisialdirako ahalik eta eskaintza zabalena egitea izango genuke helburu, gazteek euskaraz diren jardueretan parte hartu ahal izateko.
Azkenik, gazteen inplikazioa ere landuko genuke, beren ingurune sozialean euskararen normalizazio bidean egin dezaketena aztertuz eta jardueretan eragile ere izan daitezen.
Esan bezala, motibazio saioak Gazte Planean kokatu behar dira eta jatorrian Lasarte-Oriako ikastetxeetan gauzatzeko prestatutakoak baziren ere, beste zenbait herritako eskaerei erantzun ondoren, Azkoitia, Azpeitia, Pasaia, Irun, Orereta eta Oiartzunen ere eman dira.
Saio horietan bi lirateke helburu nagusiak:
- Euskararen inguruan hausnartzea eta jarrera kontziente bat lantzea.
- Gazteak inplikatzea euskararen inguruan egiten diren jardueretan.
Horretarako, lau egunetan zehar bi orduko saioak ematen dira ikasordutegi barruan. Edukiak direla eta, saio horiek DBH 3tik aurrerako gazteekin lantzea ikusten da egokiena.