Ingelesa Haur Hezkuntzan: Nola hitz egin ezagutzen ez dugun hizkuntzan? Ikastolen Elkarteko eleanitz proiektua

2000-07-01

Hizkuntza bat ikasten dugunean, batez ere beste lagunekin gauza interesgarriak egiteko erabiltzen dugunean ikasten dugu. Izan ere, erabilera jakin batek sortzen digun intentsitatea eta emozioa baitira ikasketaren subjektu aktibo bihurtzen gaituztenak.

 
 

Hirugarren hizkuntza ikasteko lehen fasean , printzipio horretan oinarritutako metodologia garatu nahi izan dugu , Haur Hezkuntzako haurrek eskolan taldean antzezten dituzten istorio edo ipuinak ingelesez antzeztuz ikastekoa, alegia. Gauerdian esnatu eta aita eta ama ez aurkitzean negarrez hasten den haur baten paperean, edo hartzatxo gaixo bati injekzioa jartzen dion medikuaren paperean jarriz, ikasleek emozioz eta esanahiz betetako hizkuntza erabiltzen dute lehen momentutik bertatik. Gainera, antzeztutako ipuinak ez dira bakarrik motibagarriak gertatzen haurrentzat, baizik eta, batez ere, proposatutako ekintzetan hasiera-hasieratik parte-hartzaile aktiboak izateko aukera eskaintzen diete, 3. hizkuntzan jasotzen ari diren baliabide urriak era eraginkorrean erabiliz.

Esan bezala, ipuinak garatzeko modua antzerkia da, honek istorioa entzute hutsarekin geratu ordez zuzenean bizitzeko bidea ematen duelako. Eta proposatzen dugun antzezpen-modua talde osoko dramatizazioa da, haur guztiek pertsonaia ezberdinen paper guztiak interpretatzen dituztelarik, horrela ipuinaren barruko komunikazio-prozesuak gelan garatzeko bidea emanez. Antzerki-gidoi bat egiten da, arreta berezia jarriz espazioen banaketan, keinuetan, mimikan eta ipuinaren egitura logikoan. Izan ere, hauek zentzuaren adierazle argiak baitira, haurraren aurretiazko esperientziarekin batera. Hasieran adierazle horien bitartez komunikatzen da esanahia, eta geroagoko pauso batean bakarrik hitzaren bidez bigarren hizkuntzan.
Behin istorioa antzerkiaren bitartez bizitu ondoren, ipuin horiek lan gehigarri batzuekin osatuko dira: abesti, mural, liburu, joko, marrazteko fitxa eta ebaki eta pegatzeko lan desberdinekin, edota beren kasa itsasten diren pertsonaiekin antolatutako antzerki txiki batzuekin. Horrela, jarduera hauetako bakoitzak, ipuinak ingelesez berbizitzeko eta hizkuntza ikasteko aukera berri bat emango diote haurrari.
Ikastaro honetan, metodo honen nondik-norakoak praktikan bizitzeko aukera eskainiko dugu, dramatizazioaren esperientzia egin, eta ondoren, proposamenaren oinarri psikolinguistikoen berri emanez. Horrekin batera, jarduera osagarrien adibideak ikusi eta Haur Hezkuntzako saioen oinarrizko egituraketa eta antolaketarako arauak azalduko ditugu.