Internet: aplikazio pedagogikoak. Egunkaria.com eskolan

2000-07-01

Internetek gure artean gero eta indar handiagoa du, eta guztiok ari gara urratsak egiten sarean egoteko. Bide horretan, Euskaldunon Egunkaria ere sarean da azken urteotan. Arian-arian, urrats berriak eginez Interneteko edizioa eta eskaintza osatu eta aberastea da helburua. Eta zertarako? Hauxe da, hain zuzen ere, denok ere maiz egiten dugun galdera. Erabilera askotarikoa izan daiteke, eta artikulu hau Hikhasi aldizkarirako egina denez, eskolan izan dezakeen erabileraz ideia batzuk plazaratzen saiatuko naiz. Egia esan, hemen azalduko ditudan ideiak ez dira irakaskuntzan aditua den batek eginak eta seguraski asko dira (seguruenera zu zeu, irakurle) nik baino ekarpen handi eta egokiagoa egin dezaketenak. Jakingo ahal duzue nire atrebentzia barkatzen!

 
 

Gaur egungo www.egunkaria.com Interneteko orriak, nagusiki, hiru produktu eskaintzen ditu:

- Eguneko berri nagusiak. Egunez egun eguneratzen den orria, berri nagusienak jasotzen dituena.
. Hemeroteka. 1999ko urtarriletik aurrerako egunkariak oso-osorik. Oraingoz 2000ko apirila artekoak daude eta helburua egunez egun osatuz joatea da.
- Xingola. Euskaldunon Egunkariak kaleratzen duen haurrentzako gehigarriaren edizioa.

Hemeroteka

Hemerotekaren ekarpenik handiena "egunerokotasuna" da. Eskola liburuetan erabiltzen diren testuek askotan falta duten egunerokotasuna da Hemerotekan topa daitekeena eta, alde horretatik, nire iritziz, eskolan erabiltzen diren testuen osagarri izan daitezke Hemerotekan topatuko direnak. Edozein gai lantzeko garaian, material osagarria topa daiteke Egunkariako orrietan: eskolan lantzen ari den gaiaren inguruan euskaraz kaleratutako berriak erabiltzeko moduan izango baitira ikaslea eta irakaslea.
Hemerotekak duen bilatzaileak artikuluak gaika bilatzeko aukera ematen du eta, horrez gain, bilaketa denboraren arabera ere egin daiteke, hau da, egunerokotasunaren bila dabilen irakasle edo ikasleak epe jakin baten araberako bilaketa egin dezake, horrela landu nahi duen gaiaren inguruko artikulu zaharrenak alde batera utziz.
Horrez gain, esan behar da, Egunkariaren aleak sarean osorik jarri diren neurrian, mota askotako testuak topatuko direla: artikulu berriemaileak, iritzi artikuluak, infogramak... Horrek aberastu egin dezake eskolaratuko den materiala.
Beraz, irakasleak bere eskolak aberastuko dituen tresna du eskura, denboran nahiko berriak diren artikuluak erabiliz. Ikasleak, era berean, euskaraz idatzitako materiala topatuko du bere lanak egiteko. Azken batean, eskolan lantzen ari garen gaiak osatzeko tresna egokia dago eskura.
Ez nuke aipatu gabe utzi nahi testuak bi eratara dauden neurrian artikuluak Euskaldunon Egunkarian argitaratutako modu berean edo testu formatuan eskura daitezkeela. Lehenengo formatuak egunkarietako itxuraz baliatzeko aukera ematen du, eta bigarrenak, berriz, testua gure ordenagailuan kopiatu eta nahi diren egokipenak egiteko aukera, eskolako materiala nahi den erara antolatzeko bidea eginez.

Xingola

Igandeetan argitaratzen den gehigarriaren edizioa elektronikoa den neurrian, paperean ageri diren sailak topatuko dira hemen ere. Xingola, batez ere, haurrak Internet erabiltzen ikas dezaten eta sarean euskaraz ikasi eta ondo pasa dezaten erabil dezakegu:
- Posta elektronikoz mezua bidali, erreportaia edo kontaketa gure ordenagailura jaitsi eta antzeko aktibitateen bidez Internet ezagutu eta erabiltzen ikas dezake haurrak.
- Erreportaia, Erantzun galderak bezalako atalek jakintza mailan eragiteko balio dezakete.
- Ryski eta bere lagunak astez aste kaleratzen den kontaketa da. Irakurketa sustatzeko erabil daitekeena.
- Denbora-pasa sailak jolaserako aukera ematen du.
Oinarrizko zertzeladak aipatu dira hemen. Hala ere, zalantzarik gabe, zu zeu zara, irakurle, hemen aipatu dugun produktua nola erabili argien izango duzuna.