Plastika: Egoera zehatzen azterketa praktikoa Bigarren Hezkuntzan

2000-07-01

Artearen azkenaldiko hamarkadetako diskurtso, ekintza eta emaitzek, gizarte eta kultura aldaketarekin batera, orain eta hemengo Arte Hezkuntzaren (hezkuntza bisualaren) hainbat alderdien berrikuspen, eztabaida eta eguneratzera eraman behar gaituzte, formalismo, fitxa eta nortasun adierazpen askatasun hutsetik at. Beste alorretan bezala, artera ere heldu zaizkigu artean zein errealitatean (izan eta desira) ikusteko, hautatzeko eta ekiteko era berriak. Egun, ezin dugu luzaroan jarraitu arte hezkuntza funtsatzen eta egituratzen dagoeneko asimilatuak eta kategoria kulturalaren jabe diren iraganeko irudi artistikoen inguruan soilik eta bakarrik, formalismotan edota eredu antzuetan erori gabe. Artearen Historian oroimen hutsik ez dago, ezta errealitate zuzena eta amnesia kulturala ere. Bien arteko

oreka behar da.

 
 

Mintegiak arte alorretik ekiteko eta eragiteko datozkigun era ezberdinen adibide-ereduak aztertuko ditu, bai artearekiko eta bai kanpoarekiko harreman-jarrera-erantzun-errotzeak eraikitzeko ahalmenaren bidez. Egungo ekintza artistikoen estrategia plastikoen zein tematikoen aniztasuna eta konplexutasuna erakutsiko da. Eta baita ere kategoria artistikorik gabeko errealitatea nola izan litekeen sortzailea eta adierazlea: artearekiko kanpo-barruko ikonoak erabiliz, alegia. Ez endogamiarik ezta disolusiorik ere ez dago. Artearen eta errealitatearen arteko igurpenak, komuneko eremuak ikusiko ditugu.

Praktikotasun bakarra ez dago ariketa errezeta-formulario batean, ezta hezkuntza metodologian ere. Mintegia hainbat gauza berritzean eta eguneratzen datza: ariketa plastikoak (egin, ekoiztu, harremandu, antolatu, bildu-seinalatu, deskontestualizatu…) sentsibilitate-hausnarketa-ikuspegiak (gizabanakoak/kolektiboak, pribatuak/publikoak, subjektiboak/objektiboak, gustua/kriterioa…), kontestuak (artistikoak/ez artistikoak, garaikideak/iraganekoak…), DBHko plastikako irakasleen ezagutza (ekiten, jasotzen zein interpretatzen). Zertan eta zertaz ari garen finkatu behar dugu gero aplikazio esparruak eta aukerak aztertzeko.
Mintegi honetan erabiliko dugun metodologiari dagokionez, diapositiba proiekzio komentatua eta eztabaidatua izango da irudi-ereduak azaltzeko bidea, irudien zehaztapenen azterketatik kontzeptu orokorretara heltzeko.