Plastika: Ikusmenaren inguruko kulturaren irakaskuntza

2000-07-01

Egungo demokrazietan eskura dauden ikus kulturaren forma ugariekin aurkitzen direnean ikasten dute ikasleek ikusmenaren inguruko artea eta arteaz. Arte forma guztiek dute elkarrekiko zerikusi handia, eta denek eragiten diote elkarri. Arte postmodernoaren zati handi batek, adibidez, eta Artearen Hezkuntza berak ere, jasotzen dituzte ikusmen formen loturazko ezaugarri horiek. Horien analisiak teknologi mailan dituzten loturak ere aztertzera eramango gintuzke; hain zuzen, aldizkarietako irudiak, CDetakoak, web orrietakoak, zine eta bideokoak, telebistakoak, museo eta espazioz harantzagotik etorritakoen

artekoak…

 
 

Gaurko ikusmenaren kultura, bada, oso erakargarria suertatzen da. Egungo teknologiek oso estetika sofistikatua erreproduzitzeko ahalmena dute, eta oso hedatuak daude. Garai guztietako irudigileak errealitatea erreproduzitzeko ahalmena garatu nahian jardun badira ere, egun, helburu hori, era batean behintzat, gainditua dagoela dirudi. Konputerizazioak ahalbidetu du Baudrillardek hiper-errealitatea deitu duen hori, hau da, errepresentazioaren forma handiagoak, liluragarriagoak, bizkorragoak, benetakoak baino benetakoagoak diren formak, alegia. Ondorioz, egungo irudigintzak badu halako fikziozko (edo zientzia-fikziozko ) ñabardura: irudiek espazioa eta denbora gerarazi dezakete, birziklatu egin daitezke, eta badute perfektuagoak direneko ustea. Errealitatea edertu nahi horrek, bikainagoa eta, akaso, estetikoagoa izan nahi horrek, elementu eta arazo berri asko dakarkio irakasleari bere hezitzaile lanerako.

Gai eta arazo berri horiek, zati batean bederen, gure ikusmenak jasaten duen estimulazioaren aurrean sortzen ditugun erantzun psikobiologikoen gauzapenean dute erroa (jatorria, iturria); gauzapen hori erosi nahiko genukeen produktu batean bihurtzen delarik, jeneralean, berau kirola egiteko oinetakoen marka bat izan, edo ideia politiko bat izan. Horien barnean estereotipoak eta bestelako errepresentazioak daude eta horiek desbideratu egiten dute eskola demokratikoak izan beharko lukeen helburua/planteamendua. Hauxe da gaurko estetikaren erreinua, eta hori azalarazten du jendeak ikusmen kulturarekin aurrez aurre aurkitzen garenean, baita estetikoak ez diren beste arrazoiengatik berezitzat hartzen ditugun guneetan ere. Esaterako, Estatu Batuetan baditugu Disneyland, arropa dendak, rock kontzertuak, Las Vegas, parke naturalak, eta abar luze bat. Adibideon analisi estetikoak agerian uzten du zenbaterainokoa den hainbeste esanahi (sarritan, sozialak) gordetzen dituen estetika post-formal honen eragina. Horiek guztiak, era irekian nahiz ezkutuan, eragina dute ikasleengan, esperientzia estetikoaren bidez beste forma batzuen bidez baino indar handiagoz ezartzen baitira mezu sozial horiek.
Beraz, ikusmenaren kulturaren hezitzeak adierazpen sozio-kulturalarentzat eta pertsonalarentzat forum bat eskaintzen du, emozionala eta kognitiboaren arteko lotura estimulatzen du, eta asperra ere uxatu egiten du, bizitzak bizitzea merezi duela esaten digun indarra sentiarazten baitigu. Mende berri honetan Arte Hezkuntzak ikusmenaren kulturaren indarra ikusarazi eta hori zein eratan erabil daitekeen ulertzen lagundu beharko lioke ikasleari.