VIGOTSKI: Ikuspegi vigotskiarrak duen balioa norbeeraren irakasle jarduera aztertzeko

2000-07-01

Irakaslea da eskolan bere bizitzaren denbora gehiena pasatzen duen gizaki bakarra. Ikasgela dugu bigarren etxea. Urteen poderioz, beste edozein toki bezain arrunta bilakatu zaigu. Baina diferentea da, oso.

 
 

Askotan, berriz, gure kulturarekin guri eta jende gehienari gertatzen zaiona gertatzen zaigu: kulturala dena naturaltzat hartzeko joera izaten dugula, hau da, ez garela ohartzen eskolako kulturaren ezaugarrien berezitasunaz, naturalak ikusten ditugu, bertan bizi gara eta.

Alta, gure irakasle jardueraz hausnarketa egiteko, inguratzen gaituen kulturaz eta eskola kulturaz pentsatzeak interes handia du, ikuspegi vigotskiarra hartuz gero, behintzat. Vigotskiren ustetan ezin da gizakia ulertu gizakiok sortu dugun eta bizi garen kultura aintzat hartu gabe: kulturak egiten gaitu.
Bestalde, ikuspegi honetan gizakia egoerari lotua agertzen zaigu, hots, geure buruak ez du hutsean funtzionatzen. Beti nonbait kokatua dagoen burua dugu geurea. Horrexegatik hitz egiten da "adimen kokatuaz". Hortik dator pertsonen jardueraren testuingurua kontuan hartzeak duen inportantzia. Ezin baita ulertu gizakion portaera, jarduera, funtzionamendua, oro har, bere testuinguruari begiratzen ez badiogu.
Horixe egiaztatu dute Vigotskiren ikuspegia oinarritzat duten ikerlan batzuek. Ikasteko zailtasunak aztertzerakoan ondorio honetara iritsi dira: batzuetan ikasteko zailtasunen iturburua ez da ez ikaslea ez irakaslea, baizik eta testuingurua. Testuinguruaren akatsek sorrarazten dituzte zailtasunak.
Ez da inor harrituko, orduan, nire irakasle jarduera aztertzerakoan (ikuspegi vigotskiarra buruan izanda) kulturak eta testuinguruek, formalek eta ez formalek, pentsamenduen zati handia bete izan didatela esaten badut. Hala, kulturari eta testuinguruari buruzko galderek gidatu dituzte ene gogoetak eta hartu ditudan erabakiak ere bai.
Aurrekoarekin batera, ikuspegi honen itzalean sortu diren beste ikerlan batzuek asko pentsarazi izan didate ondoko honetaz: mintzairaren erabileraz, hezkuntzan, oro har, eta baita nik ematen ditudan eskoletan ere. Eskolako diskurtsoa, mintzaira tresna gisa, narrazioak eta hezkuntza, gogoetak eta elkarrizketak… honelakoxeak izan dira burua berotu eta elikatu didaten gaiak. Gure ikasleen Practicumaren diseinuan eta tutoretzan partu hartu izanak, esaterako, galdera asko sorrarazi dizkit honen guztiaren inguruan, eta aukera polita eman ere bai teorian ikusitakoa praktikan erabiltzen saiatzeko.
Gure jarduera aztertzeko laguntzen duen Vigotskiren beste ekarpen bat, nire esperientzian oso inportantea izan dena, hauxe dugu: irakaslearen paperaz esaten duena, irakaslea laguntzaile gisa harturik, alegia. Izan ere, gai hauek ibili dira bueltaka neure buruan: laguntza egokiak ematearen garrantzia, ikaslearen ikuspegia ezagutzeko beharrizana, jardueraren antolaketak honekin guztiarekin duen harremana... Galdera gehiago, baina baita ideiak ere, nire jarduera hobetzeko ideiak.
Bukatzeko, norbaitek esan zuen izpiritu zientifikoak bultzaturiko pertsonak jakin egin nahi duela, ezbairik gabe, baina lehenengo eta behin hobeto galdetu ahal izateko. Ikuspegi vigotskiarrak nire praktikaz hobeto galdetzen lagundu didalakoan nago: horixe da, ene ustez, duen balioa norberaren irakasle jarduera aztertzeko. Galdera interesgarriak laguntza handia baitira.