Bigarren Hezkuntzan euskararen erabilera nola sustatu: Aisialda eta euskararen normalizazioa

2000-07-01

Aisialdiko hezkuntzaren arloan aspaldidanik hartu dugu helburu gisa euskara, baina ez euskaraz aritzea soilik, baita ere euskararen normalizaziorako aritzea. Gipuzkoako Urtxintxa eskolatik kezka honi hainbat modutan erantzuten saiatu gara.

 
 

Formazioaren arloan, esaterako, Asialdiko Begirale eta Zuzendari ikastaroetan hizkuntzarekin harremana duten hainbat modulu lantzen ditugu: soziolinguistika, euskara elkarteen ezagutza, euskal jolasak... Monografiko berriak sortu ditugu gai honen inguruan: euskara suspertzailea eta euskal jolasak. Monografiko horiek gurasoei, irakasleei edo aisialdiko hezitzaileei zuzendurik daude. Euskal jolasen monografikoan bi maila ezberdinduko genituzke: lehenengoa, jolasak eta abestiak ikastea, eta bigarrena, jolasak hizkuntzaren normalizaziorako nola programatu ikastea.

Interbentzioaren arloan, berriz, Euskal Jolasaz Blai eta Piraten etxea programak martxan jarri ditugu. Euskal jolasaz Blai programa hainbat ekimenen bidez galtzear dauden jolasak transmititzea eta gaur egungo euskarazko jolasak erabiltzea da: jolasen dinamizazioa, aterpe batean bi egunetako egonaldia, erakusketa... Jolastuz euskal kultura bizitzea eta berritzea proposatzen dugu.
Piraten etxeak euskal historiaren atal hori berreskuratzea du helburu, haur zein gazteak itsasoaren munduan sartuz, hizkuntza eta kultura zehatz hau ezagutzeko. Jolasa, ipuina eta abenturen bidez ikastea proposatzen da. Piraten etxea Jaizkibelgo Arrokaundietan kokatua dago.
Programa horien diseinuaren oinarrian aisialdiko heziketan somatu ditugun beharrak aurkitzen dira. Bestalde, aisialdian erabilitako metodologia eskolara zabaltzen ari da, eta era berean, gure formazioaren hartzaileen artean gero eta irakasle gehiago dago.