Bigarren Hezkuntzan euskararen erabilera nola sustatu: Beasaingo ikastolako gaztetxoek kazetaeri lanetan jarduten dute

2000-07-01
 
 

Beasaingo Ikastolako ikasleek azken lau urteotan bi irratsaio eskaini izan dituzte Segura irratian, etengabean: Txiki-Txoko eta Musika klasikoaren giltzak.

Txiki-Txoko irratsaioa larunbatetan emititzen da. 10:00etan, eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleak dira protagonista nagusiak. Bestalde, Musika klasikoaren giltzak irratsaioa, berriz, astelehenetan emititzen dute, 14:30etik aurrera, eta hor ere DBHko ikasleek dute ardura. Esatari lanetan aritzeaz gain, gaztetxo horiek gidoilari lanak egiten dituzte euren saioetan, eta batzuetan informazioa eskura jartzen zaien arren, abenturazaleenek beren kabuz garatzen dute lana.

Aurten, adibidez, DBHko 2. eta 3. mailakoek euskal musika eta kantutegi tradizionala aztertzearekin batera, ikasle bakoitzak gustukoen duen taldearen aurkezpena egiten du gelan, eta ondoren 20 minutuko irratsaioa prestatu eta egin behar du goitik behera, gidoi eta guzti.
Proiektuaren hurrengo erronka lan banaketa sakonagoa egitea da, gidoilariak, errealizadoreak eta esatariak sortuz. Helburu nagusia gure kultura ezagutu eta baloratzea da eta, era berean, ikasleen kultura orokorra zabaltzea eta ikasleak baikorrak izatea. Azkenik, irratsaio guztietan bezala, gaztetxoek egiten dituzten bi saioetan gaurkotasuna lantzen saiatzen dira. Berezitasunen artean aipagarria da askotan ikasleak berak direla notiziaren protagonista, eta eurak ere harritu egin dira behin baino gehiagotan.

Gidoi baten kalitate-ezaugarriak

- Entzuleentzat ez ezik, parte-hartzaileentzat ere erakargarria izatea: hori lortzeko hainbat bide daude. Adibidez, ikaslearen kuriositatea piztuko duen gaietara hurbiltzea (Tamagotxia, etxe domotikoak, transgenikoak....). Beste modu bat da ikasle bakoitzari dagozkion edo indartzea komeni zaizkion rolak eta esamoldeak txertatzea (informazio asko bilatzen duena, presatia, lotsatia, dena dakien horietakoa, maitemindua, zientifikoa, detektibea...). Gainera, gai batetik bestera pasatzerakoan, trantsizioko elkarrizketetan esatarien izaerarekin ustegabeko konplizitatea sortzea ona da irratsaioei bizitasuna emateko. Esate baterako, esatariren batek ezagutzen ez duen gidoi atal bat prestatu daiteke; entzuten ari den familiaren giroan txertatu... Beste batzuetan, irakaslearen nortasuna nabarmen daiteke. Horrek, gainera, ikasle-irakasleak hurbildu egiten ditu, eta irakasleak zuzenketak egiteko soka luzeagoa du.
- Bizia: irratsaioa elkarrizketa bizkorrez osatzea komeni da, eta ez parragrafo luzez, irratsaio bakoitzean gai asko jorratuz.
- Hizkuntz baliabideen oreka: ikasle gehienek nahiago dituzte ahozko erregistroak, baina oreka mantendu behar da zenbait gaiek behar duen hizkera eta ahozkotasunaren artean.
- Gaien tonuaren arteko oreka: ez jarri gai serio guztiak elkarrekin, umore punturen bat edo pasadizorik tartekatu gabe. Hala ere, ez da infantilizazioan erori behar, eta ez egin ezeren berri ematen ez duten irratsaioak.
- Euskara batua eta euskalkiaren ezaugarriak: batua erabili arren, euskalkiaren ezaugarri fonetikoak txertatu, eta baita esamoldeak ere.
- Ikasleen gaitasunak eta ezintasunak kontuan hartu: ikaslea hitz-motela, dena ahopean hitz egiten duena edo zailtasunak dituena bada, sarriago hitz eginarazten diogu, baina esaldi laburragoak esanez. Beste zenbaiti hitanoa maizago erabilarazten diogu.
- Irratsaioei lotura eman: gaien arteko loturak profitatu egin behar dira, eta ez daudenean asmatu. Batzuetan loturak objetiboak dira (Vulcano pertsonaia mitologikoaren eta Vulcano sumendiaren artekoa, esate baterako), baina beste askotan pasadizoren bat asmatu behar da gai batetik bestera igarotzeko.