Bigarren Hezkuntzan euskararen erabilera nola sustatu: Euskara Ostadar proiektuan. Erabilera garatzetik, erabileran eroso sentitzera

2000-07-01

Ezertan hasi aurretik, berebiziko garrantzia eman behar zaiolakoan gaude euskal irakaskuntzak euskararen eta euskal kulturaren transmisio, garapen eta potentziazioarekin duen konpromezuari. Horren gauzapenerako ezinbestekoa deritzogu eremu pedagogikoan ikuspegi eta metodologia eraginkorrak erabiltzeaz gain, ikastetxeak, bere komunitatearen barne bizitza euskaraz gauzatzen ahalegintzeari, mota guztietako harremanetan eta horretarako sortutako bitartekoetan, eta txertatuta dagoen komunitatean euskararen normalkuntza prozesuan eragile aktiboa izateari.

 
 

Horretarako, Ostadar proiektua abian jarria dugu. Zer da zehatz-mehatz lortu nahi duguna sortu ditugun baliabide didaktiko eta proposatzen dugun irakas-ikaskuntza metodoaren bidez?

Hitz gutxitan esanda, ikasleei euskara erabiltzeko gaitasuna garatzea; erabiltzeak ohitura dakar berekin, ohiturak erraztasuna, erraztasunak eroso sentitzea euskara erabiltzean eta, ondorioz, euskarak bere funtzio komunikatiboa bereganatzen joatea.
12 – 16 urte bitarteko ikasleekin helburu hori lortu nahiak, arloaren didaktikari buruzko ikuspegi eta metodologia zehatz bat hautatzera eta haiei egokitutako errekurtsoak sortzera eraman gaitu. Hori azalduko dut, bada, aurkezpen honetan; zein den euskararen erabileraren sustapenerako hartu dugun bidea eta hura egiteko hautatu eta eskaintzen ditugun bide-lagunak.
Horretarako, lehendabizi hizkuntzaz dugun kontzepzioa argitu behar dugu. Hizkuntza ez da ikasgaia, hau da, ikasleek barneratu behar duten ezagutza multzoa, edo, hobeto esanda, ez da hori soilik, baizik eta batez ere komunikatzeko tresna da. Bat gatoz azken urte hauetan autore gehienek diotenarekin: hizkuntza erabiliz ikasten da. Aprendizaia objektua ez da teoria linguistikoa edota sistemaren deskribapena, hizkuntzaren erabilera baizik. Beraz, ikasleek euskara erabiltzeko gaitasuna bereganatuko dute, ikasten ari direna erabiltzeko aukerak dituzten neurri horretan.
Hizkuntzaren definizio horretan oinarrituz, eta hizkuntzaren lorpena haren jabe direnen kolaborazioaren bidez egiten dela kontuan izanez, bere didaktika ikuspegi komunikatibo eta prozesualetik bideratu dugu. Gure oinarrizko abiapuntua komunikazioa, erabilera da (erabilerarik gabe, ezagutza ez da lortzen edo gutxitu egiten da, eta, ondorioz, motibazioa ere gutxitu egiten da): egoera ezberdinetan eta behar ezberdinetarako ahozko nahiz idatzizko hizkuntza ulertu eta produzitzeko aukerak eskaintzea da gure oinarrizko helburua. Baina, euskararen kasuan, erabilpen hutsak ezin ziurta dezake hizkuntzaren konpetentzia osoa, erabilera hori egokia eta zuzena izan dadin, ezinbestekoa da harengan intentziozko eskuharmena egitea. Hori dela eta, erabilerarekin batera, ikasleari komunikazio horretan lagungarri gerta dakiokeen hausnarketa linguistikoa bideratzen dugu. Ez helburu bezala, bitarteko gisa baizik.
Hizkuntzaren irakas-ikaskuntza ikuspegi komunikatibo eta prozesualetik bideratzeko erabakia hartzeak, hizkuntza pentsamenduaren eraikuntzararako tresna kontsideratzeak eta pertsonen arteko interakzio komunikatiboa hizkuntzaren jabekuntza eta garapenerako eragile nagusiena dela onartzeak ondorio metodologiko zehatzak ekarri dizkigu. Hori dela eta, hemen aipatuko ditut kontuan izan ditugun elementuak: testu pedagogia, euskararekiko kontzientzia eta alderdi soziolinguistikoak, proiektuen metodologia, unitate didaktikoaren diseinua eta lan kooperatiboaren bultzada.
Aipatutako helburuaren lorpenerako eta Teknologia Berriek ikasleak motibatzeko duten potentzialitatea aprobetxatuz, Ostadar Proiektuan inprimategiko euskarriei beste mota bateko euskarriak uztartu dizkiegu, bakoitzak bere funtzioa betez, eta aldi berean, elkarren arteko interakzioa ziurtatuz.