Sarrera

2000-07-01
 
 

Iritsi dira Hik Hasi Udako Topaketak! 900 pertsona inguru ibiliko gara Donostian hainbat ikastaro, hitzaldi, aurkezpen eta saiotan parte hartzeko. Orain dela urte batzuk Adarra Talde Pedagogikoak antolatzen zituen ikastaroek berea eman zuten. Geroztik hutsune bat nabaritu izan da, eta orain, topaketa hauek hutsune hori betetzera datoz. Gauza berriak ikusi eta ikasteaz gain, elkarrekin egoteko aukera eskainiko digute topaketok.

Gure erronka egungo irakaskuntzan ikusten ditugun hutsuneei erantzuna ematea izan da, ahal den neurrian behintzat, eta matrikula kopurua ikusita, asmatu dugulakoan gaude. Horrelako elkargune baten beharra zegoela nabari zen, eta sortu dugu. Hik Hasiren ideia edo asmoa ilusioz sortu zen eta gogo hori handituz joan da ingurunean aurkitutako laguntza eta animoei esker. Eskerrak eman beharrean gaude beren prestutasuna agertu duten guztiei, hasieratik animatu gaituztenei eta gurekin lanean dabiltzan guztiei. Guztion lanaren emaitza izango dira euskal irakaskuntzako topaketa hauek, eta aurrerantzean ere denon artean gorpuztuz joango gara. Denon parte-hartzearekin, lankidetzarekin eta indarrarekin Euskal Eskolaren bidea zabaltzen eta sendotzen jarraituko dugu.
Dena dela, ezin ditugu ahaztu guri bidea ireki zigutenak, lehen urratsak eman zituztenak, alegia. Horregatik, Hik Hasi Udako Topaketen aurkezpen ofizialean leku berezia eskaini diegu Euskal Eskolaren hastapenetan ibilitako irakasleei. Gauzak horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskararen Normalkuntzarako Zuzendaritza Nagusiarekin batera ekitaldi berezia prestatu dugu.
Ekitaldi horrekin Euskal Eskolaren hastapenetan ibilitako irakasleak omendu nahi ditugu. Izan ere, jakina da Euskal Eskolak mende bateko ibilbide luzea egina duela, hastapen isolatu eta xumeetatik, nahi bada, eskola eredu finkatu eta sustraituak ezartzerainokoa. Ibilbide horretan, zer esanik ez, hainbat esperientzia eta ekarpen egin dira, baina sarri askotan esperientzia horiek guztiak tokian tokikoak izatetik harat ez dira igaro.
Hastapenetan aritu zirenen kezkak zein ziren eta zein iturri pedagogikotara jo zuten ezagutu nahi dugu. Gaur egungo eskola hobeto ulertzeko edota hezitzaileen artean zabaldu diren praktikak beste ikuspegitik aztertu eta baloratu ahal izateko aukera emango digu.
Horrek guztiak eta topaketa hauetan ikas dezakegunak balio beza gure eguneroko lanerako, gure ezagutza areagotzeko, gure arteko harremanak estutzeko eta euskal hezkuntzari bultzada bat emateko. Hala bedi!