Baratze ekologikoa

2003-07-01

Ikastaro honen bitartez Baratze Ekologikoa ikastetxean martxan jartzeko oinarrizko ezagupenak azalduko dira, beti ere erarik praktikoenean, saio batzuk baratzean bertan aurrera eramanez eta ikastetxe bateko esperientzia ezagutuz.

 
 

Lehendabizi Eskola Baratze Ekologikoa ikastetxean martxan jartzeko arrazoiak aztertuko ditugu. Baratze Ekologikoa Ingurumen Hezkuntza garatzeko baliabide bikaina da zalantzarik gabe, ikastetxeak ikasleei euren natur inguruneari buruzko esperientzia ugari bizitzen laguntzen dielako, ingurunearekin ditugun harremanak eta menpekotasunak ulertzeko, eta baita Baratze Ekologikoa ingurumenaren aldeko ekintza aparta delako.

Eskola Baratze Ekologikoa ardatz harturik, zenbait gai landu daitezke ikastetxe batean, hala nola, kontsumoa, elikadura, hondakinak eta birziklapena, osasuna eta herrien garapena. Balioak ere lantzen ditugu, besteak beste: bizitzeko era guztiak estimatzea, beste pertsonekiko eta Lurrarekiko zuzentasuna eta elkartasuna, eta baita elkarbizitza, autonomia eta lankidetza.
Baratze ekologikoaren bidez lurraren bizitza eta emankortasuna babestu eta ugaltzen da eta ekosistemaren oreka errespetatzen da, airean, lurrean eta uretan ez da kutsadurarik sortzen, eta sortzen diren elikagaiek kalitate nutritibo egokia eta berezko konposizio orekatua gordetzen dute. Nekazaritza Ekologikoaren ezaugarriak ezagutzeaz gain, ohiko nekazaritza eta nekazaritza integratuaren ezaugarriekin konparatuko ditugu. Horrela, gure kontsumorako ereduek gure osasunean eta ingurumenean dituzten elkarreraginak ere ikusiko ditugu.
Hiru egunetan Baratze Ekologikoa martxan jartzeko alderdi garrantzitsuenak aztertuko dira:
- Orientazioa eta klima
- Lurzoruaren garrantzia eta bere ezaugarriak: saiakera praktikoen bidez.
- Ongarriztapena konpostaren bidez: konposta egiteko jarraitu beharreko pausoak eta konpostaren garrantzia lurzoruarentzat.
- Laboreen babesa, laboreen elkarteen eta errotazioen bidez
- Lan egiteko tresnak eta lan egiteko erak: Baratze Ekologikoan lurzorua babestea oinarrizkoa denez, tresna gutxi batzuekin lan egin dezakegu.
- Izurrite eta gaixotasunen aurkako borroka biologikoa: fauna mesedegarria eta baratzeko bat-bateko landaredia ezagutuko ditugu, baita Eskola Baratze Ekologikoan beharrezkoak izan daitezkeen tratamenduak ere.
Baratzearen erabilpen didaktikoari buruz, ikastetxeetan gaur egun garatzen diren hainbat antolaketa aukera aztertuko dira: tailerra, inguruneko ikasgaiko jarduera, diziplinarteko gune tematikoa… eta horien abantailak eta desabantailak. Zumaia Institutuko Baratzeko irakasle arduradunek beraien esperientzia ere azalduko dute.
Azpimarragarria da ikastaro honetan CEIDAko teknikari eta ikastetxeko irakasleez gain, BIOLURreko teknikari eta nekazariek ere parte hartuko dutela, gaur egun gure artean Nekazaritza Ekologikoa errealitatea bihurtu dela baieztatuz.