Historiaren txokoa: arkeologia eta historiaurrea bideetan

2003-07-01

Askotan entzun behar izaten ditugu Historiako irakasleok gure irakasgaiaren inguruan abstraktua, teorikoa, urrutikoa eta antzerako loreak eta hor ibiltzen gara baliabide didaktikoen bila irakasgaia ulergarriagoa, gertukoa, konkretua, erakargarria eta abar izan dadin ahaleginetan. Askotan zaila izaten da eraginkortasuna, plangintza zabalak, prozedurak eta gogoan eduki beharreko bestelako ezaugarriak gaiari eskaintzen zaion eskolako denbora laburrean uztartzea, ahaztu gabe, beti ere, Giza Zientzietako arloaren barruan ari garela eta honek, historiaz gain, beste esparru batzuk lantzeko aukera edo beharra eskaintzen duela.

 
 

Ikastaro honetan, Historiaren irakaskuntzaren baliabide didaktiko moten artean esperimentazioa eta ikaslearen jarrera aktiboa eta ikertzailea lantzeko aukera ematen duen proposamen zehatza eskaini nahi dugu. Hain zuzen, Arkeologiaren eskutik Historiaurreko gaiarekin bat egingo dugu eta garai haietako gizakiek bere eguneroko bizimodurako sortzen zituzten tresnak aztertuko ditugu. Ikasliburu guztietako irudietan ikusten ditugun harrizko, egurrezko edo hezurrezko tresnak bereizi eta haien erabilera zehatza esperimentatuko dugu. Horretarako, garai desberdinetako tresnen ezaugarriak, lehengaiak eta eraikuntza teknikak aztertuko dira. Eta aipatu esperimentazioari erantzunez, ikastaroko partaideek Paleolitoko teknikak aplikatuz tresnak sortuko dituzte ondoren, eta ahal den neurrian, haien erabilera frogatuz.

Garaiko egoeran kokatzen lagunduko diguten oinarrizko azalpen teorikoez gain, ikastaroa hiru atal praktiko nagusitan banatuko da:
Tailua : Aro Paleolitokoko garai desberdinetan, eta ondoren, garatzen den tailuaren eboluzioa, lehengaiak eta tresnak aztertuko dira eta haiekin esperimentatuko da.
Sua: sua egiteko antzinako teknikak eta lehengaiak aurkeztuko dira eta haiekin esperimentatuz Historiaurreko teknikez sua pizten saiatuko gara.
Tiraketa : arkuak egingo dira eta, haiek erabiliz, gezi eta azagaien jaurtiketarekin esperimentatuko da.
Bide batez, "Historiaren txokoa" izenpean aurkezten den ikastaro hau, Hik Hasiko Udako Topaketetan Historiari eskaintzen zaion lehen topalekua izanik, arlo honetan irakasten saiatzen garen irakasleon artean esperientziak trukatzeko, kezkak bideratzeko, zailtasunen inguruan elkarrizketa sortzeko eta informazio trukea bideratzeko aukera ezin hobea izango da.