IV. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak. Sarrera.

2003-07-01
 
 

Aurtengo uda ere IV. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoekin estreinatzeko moduan izango gara. Irakaslearen aulkia utzi eta ikasle lanetan jartzeko parada iritsi da. Hiru egunetan zehar ikasi egingo dugu, aldameneko ikaskide berria ezagutu, lehendik ezaguna denarekin elkartu... Gozatzeko egunak izatea nahi genuke, eta nola ez, euskaraz.

Kolore guztietako ikastaroak izango dira aukeran. Teknologia Berriek erakartzen zaituztela? Bada, Informatika Fakultatean ordenagailuei eta programa informatikoei adarretatik heltzeko aukera izango da. Gorputzak mugimendua eskatzen dizula? Hor daude euskal dantzak eta jolasak izerdia botatzeko. Antzerkiak ere, gehiegi izerditu gabe, gorputza mugitzeko aukera emanen du, eta plastikako saioak hainbat trebezia lantzeko bidea irekitzen du. Atsedena nahi duenarentzat, berriz, masajeak eta Alexander teknikak eskaintzen dituzten ariketak daude. Gelara sartzeko nagikeriaz dagoenarentzat ere badago irtenbidea, baratze ekologikoaren ikastaroa Zizurkilgo Fraisoro Nekazaritza eskolan egingo baita. Literatura duzula gustuko? Bada, ohiko txokoan hiru idazleren lanetan sakontzeko eta gozatzeko gonbitea egiten dizugu. Nahiago duzuna ipuinak entzutea? Bada, hori ere egina dago. Agian zure afizioa artea izango da, edo matematikak, historiak, psikologiak edota heriotzak piztuko du zure jakin-mina. Kasu horretan arlo horietan sakontzeko ikastaro espezifikoak zuri bideratuta daude. Aurten, gainera, bi txoko berri sortu ditugu: artearen eta historiarena. Artearen txokoa Oteitzari buruzkoa izango da eta historiaren txokoak arkeologiara eta historiaurrera egingo du salto.
Talde batean zein bestean parte hartzen duzuen guztion artean 500 lagun inguru izango gara, eta ikastaroetako emaileen eta antolatzaileon artean beste 60 bat. Gidaritza nagusia hik hasiren gain egon arren, EHUko Hezkuntza Zientzien Fakultateko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailarekin antolatzen ditugu topaketok. Azken finean, beste behin ere, denon artean osatuko dugu euskal irakaskuntzan erreferentzia bilakatu den topagune hau.
Bide batez, IV. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoetako aurkezpen ekitaldiko hitzaldia aipatu nahi dugu. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera antolatu dugun ekitaldi honetako hitzaldiaren izenburua“Euskal testu liburugintza XXI. mendearen atarian” da eta EHUko Bilboko eta Gasteizko Irakasle Eskolako Begoña Bilbao, Gurutze Ezkurdia eta Karmele Perez Urraza irakasleek aurkeztuko dute. Euskal Herriko ikastetxeetan erabili izan diren eta erabiltzen diren testu liburuak aztertu dituzte ikerketa zabal baten barruan eta berauetan Euskal Herriari buruz ematen den ikuspegia ikertu dute. Bakoitza arlo zehatzetara mugatu da (kultura, zientzia, teknologia, lanbideak...) eta tesi banatan bildu dituzte ikerketaren nondik norakoak. Lehen bi tesiak eginak eta aurkeztuak daude, eta azkenekoa falta da. Zorroztasun eta objektibotasun handiz egindako lanak izaki, atera dituzten ondorioek arreta berezia merezi dute. Eta batez ere, euskal irakaskuntzaren alde lanean ari garenon aldetik. Izan ere, testu liburuei egun duten garrantzia aitortzen baldin badiegu, ezin uka eragin handia dutela ikasleek jasotzen dutenarengan. Beraz, euskal curriculumaren eta euskal irakaskuntzaren jorraketan oso garrantzitsua da testu liburuek jokatzen duten papera eta markatzen duten norabidea. Horretaz hausnartzeko eta eman beharreko urratsak bideratzeko lagungarri izanen da irakasle hauek egin duten lana eta emango diguten azalpena.
Indartsu, oparo, seriotasunez, umorez, gogoz eta, nola ez, euskaraz datoz IV. edizioko topaketak, denon artean aberastu eta osatuko ditugun topaketak.