Musika hezkuntzaren hastapenak herri kulturetan

2003-07-01

Beste arloetan bezala, herri kulturek musika ikasteko bideak jartzen dituzte. Sistema horiek belaunaldiz belaunaldi osatu eta transmititu egin dira. Hasieratik, loarazteko kantuak, musikarekin egindako lehen jolasak eta hots jostailuak izan dira jaioberriak zuzen-zuzenean musika informazioa jasotzeko izan dituen tresnetako batzuk.

 
 

Gaur egun, eta batez ere mendebaldeko herrialdeetan, kulturaren zabaltze sistemak asko aldatu dira. Jadanik desagertu dira belaunaldien arteko komunikazioa ahalbidetzen zuten baldintzak. Egun, informazioa beste bide batzuetatik jasotzen da (idatzia, irratia, telebista, musika grabazioak...) eta ugariagoa eta zabalagoa da, nazioaren mugak berberak ere gainditzen dituelarik.

Horren eraginez, besteak beste, musikan itxura estetikoak gero eta uniformeagoak bihurtu dira. Eta horrekin batera, herriaren parte-hartze aktiboa eta zuzena ere gutxitu egin dira. Horregatik, azkenaldian hainbat eta hainbat musika hizkuntza berezi galdu egin dira, eta horrek eragin du herri askotako ondarearen hain atzerakada nabarmena.
Bizitzeko, harremanak izateko eta komunikatzeko erak izan dituen aldaketak galerak ekarri ditu aurreko ohiturekin loturiko zenbait elementu kulturalen eraginkortasunean (hala nola dantzetan, abestietan eta, nola e,z horiei bizitza ematen zieten soinu tresnetan).
Musikan jadanik lehenengo urratsak ez dira zuzenean ematen, lehen bezala, ahotsak eta inguruko soinu-tresnak entzunez.
Sehaskan dagoen haurra lasaitzeko edo motibatzeko erabiltzen ziren abestiak, disko eta kasete komertzialek baztertu dituzte.
Gaur egun, gure inguruan, haurrak ez dira garai batean bezala, ama-amonaren besoetan hazten.
Ama-amonaren besoetan hazi den haurrak, zuzen-zuzenean entzun dituen kantuen bitartez, bestela lortuko ez lukeen zenbait balioren garapena lortzen du (intonaziorako, erritmorako, dantzarako... gaitasuna). Hori guztia, abesterakoan egiten diren gorputz mugimenduen, kantu monodiko edo polifonikoen eta abarren bitartez lortzen da. Nabarmena da, hau guztia mantentzen den herrietako haurren musikarako ahalmena handiagoa dela. Gure inguruan galdurik dago, eta horrek haurrengan duen eragin ezkorra argi ikusten da.
Haur jolasak ez dira parte-hartzaileek abesturiko doinuen bidez egiten. Jadanik ez da egiten erritmo, tinbre eta linea melodikoak ezagutzen hasteko soinuzko jostailurik. Aldaketa horiekin batera galerak jasan dira psikomotrizitatearen eta gorputz trebetasunaren garapenean, abesteko eran, materialen eta beren soinu ezaugarrien eta soinu tresnen erabileraren ezagutzan.
Gazteek, berriz, ez dute, lehen bezala beren festa eta bileratxoetan abesten; orain, gehienetan, grabaturik dagoen musika entzutera mugatzen dira.
Garbi dago transmisio sistemak asko galdu direla. Orain eskola da funtzio hori betetzen duen gune nagusietako bat. Horregatik, irakasleek gure herri kulturaren alde hau ongi ezagutu beharko lukete.
Horixe da, hain zuzen ere, ikastaro honen helburua. Gai hau era zabalean ezagutaraztea, eta bereziki, hots jostailuak: nola egin, nola erabili, bakoitzak eskaintzen dituen aukerak ezagutu eta zein helburu (musikala, psikomotrizitatea, landareen bizitzaren ezagutza edo bestelakoak) lor ditzakegun jakin.
Hots jostailuak
Hots jostailuek hainbat funtzio garrantzitsu bete dituzte eta betetzen dituzte munduko herrietan eta haurren hezkuntzan.
Jolastea eta entretenitzea izan da hots jostailuek bete duten funtzio horietako bat. Irudimena eta sormena lantzeko benetan oso tresna egokiak dira.
Gorputzaren psikomotrizitatea eta trebetasuna lantzea da beste funtzio bat. Hots jostailuak erabiltzerakoan, eskuak, hatzak, arnasketa eta gorputzaren beste zatiak era egoki eta koordinatuan erabiltzen ikasten da. Zein hots jostailu erabiltzen den, era bateko edo besteko mugimeduak egitea eskatzen du; igurtzi, kolpatu edo astindu. Haize tresnak badira, hori guztia arnasketa egokiarekin koordinatu beharko da.
Herri kulturan hots jostailu asko urtaroz urtaro inguruan lurrak emandako landare eta fruituekin egiten dira. Horrela, hots jostailu bakoitza dagokion garaian egiten eta erabiltzen da, eta beste garaietan ezin da. Urtaro barnean, kontuan hartu behar da ilargiak landareengan duen eragina. Bide batez, hots jostailuen bidez, eguzkiaren eta ilargiaren zikloak ezagutzen dira, eta baita landareek urtean zehar egiten dutena ere. Udaberrian esnatu eta ilgoran izerdiak sustraietatik gora jotzen duenean, makila azalekin egiten diren zenbait txilibiten garaia da. Udan zenbaiten fruitu eta zuztarrekin egiten direnak. Udazkenean, fruitu lehorrekin edo arto makilekin. Eta neguko ilbeheran moztuko dugu hamaika motatako txilibita eta turutak egiteko kanabera.
Baina hots jostailuek betetzen duten funtzio nagusietako bat musikarekin loturik dago. Horien bidez, benetako soinu tresnak nola funtzionatzen duten ikasten da, zeren kasu gehienetan jostailu hauek soinu tresnen prototipoak baitira eta guztietan hauek bezala sailka baititzakegu beraien ezaugarri akustikoen arabera. Bestalde, musika era aktibo eta sortzailean egiten da, esaldi erritmikoak eta melodikoak eginez.