“SPC” hizkuntza ordenagailuaren bidez

2003-07-01

Komunikazio piktografikoko sistemaz baliatzeko dagoen materiala oso eskasa da: ipuin batzuk katalanez eta liburu pare bat gaztelaniaz. Informatika arloari dagokionez, programa bat baino ez dago, eta bera nahiko itxia.

Ikastaro honetan Neobook programari esker, SPC hizkuntzari bide zabala bezain berria irekiko diogu. Amaieran gai izango gara ipuinak, abestiak, irudien irakurketak, identifikazioak, sailkapenak... SPC hizkuntzara egokitzeko. Hori guztia, gure ikasleen ezaugarriei moldatuta eta euskaraz, noski.

 
 

Ikastaroaren helburuetako bat Neobook multimedia programarekin materiala sortzea eta egokitzea da, Komunikazio Handitze Sistemaren (SAC) barruan. Material hau ordenagailu pantailan erabiliko da euskarri gisa, Mayer Johnsonen komunikazio piktografiko sistemaz baliatuz (SPC).

Aldi berean, ikasgelan lantzeko ipuinak, abestiak, hiztegia... era sinple eta azkarrean sortzea lortu nahi da multimediarako aplikazioak erabiliz eta amaieran itxura profesionala emanez. Lortutako emaitzak argitalpen interaktiboak izango dira: irudia, bideoa, soinua eta testua.
Bigarren helburu bat ere izango du ikastaroak: ukipen pantailak dituen aukerak, ahalbideak eta abantailak ezagutzea, hain zuzen ere.
Hasieran, eginda dauden jarduerak behatuko ditugu. Ondoren, CDaren edukiak aztertu, programak instalatu eta berehala materiala sortzera murgilduko gara. Ez ahaztu ikastaroa zeharo praktikoa izango dela.
Lehenengo lana irudiak aukeratzea eta grafiko programa batekin egokitzea (neurria eta artxibo mota, batez ere) izango da.
Bigarren lana soinua sortzea izanen da.
Material horrekin gure proiektua egiteari ekingo diogu. Eta honako hauek landuko ditugu: Neobook liburuaren ezaugarriak, orrien berezkotasunak, irudien kokapena, testuak, hondoak, soinuak, gif bizidunak, sinboloak, botoiak, loturak, ekintzak, multimedia... Amaieran lantxo pare bat edukiko dugu esku artean, ekintza berriak egiteko trebetasuna lorturik.
Hurrengo irudi hauek lanaren mamian sartzeko eta eginkizunak nondik nora doazen jakiteko baliagarriak izango dira.