Plastika adierazpena

2003-07-01
 
 

> Inprimaketa teknikak

Inprimatzea zera da: marrazki, motibo edo konposizio bat berregitea objekturen baten laguntzaz (belaki, zigilu...) eta horretarako, markatzeko, aukeratu dugun materiala eskuz edo mekanikoki prentsatuz. Ale askotan marrazki berdina edo antzekoa lortzeaz aparte, inprimaketak adierazpide ahalmena zeharo hedatzen du. Inprimatzen ari den haurrak, nerabeak edo nagusiak aldaketak asmatzen gozatzen du. Kasualitateak eta bakoitzaren ahalmen sortzaileak batera mugarik gabeko esperientziak sortzen ditu. Edozein material gainetan inprima daiteke: biltzeko paperean, marrazki paperean, egunkarian, kartoian, kortxoan, beiran, metalean, buztinean, ehunean...

Pinturak euskarriaren arabera aukeratuko ditugu:

- Gouatxea, dagoen bezala edo uretan gesaldua, paper, kartoi, kortxo, egur edo ehun gainean ere erabil daiteke; material hori garbitzen ez den bitartean, noski.
- Tinta mateaz edo tipografikoaz, uraz hondatzen ez diren erreprodukzioak lortzen dira.

Aholku teknikoak ondo inprimatzeko:

- Paper gainean inprimatzeko mahai arrunta erabil daiteke, baina gehiegi ez zikintzeko beharrezkoa dugu mahaia egunkariz estaltzea.
- Pintura tutu edo poteek ongi itxita egon behar dute pintura lehor ez dadin.
- Pintzelak, brotxak eta rodilloak erabiliaz bat garbitu egin behar dira.
- Inprimaketa sinpleenak ez du inongo materialik behar, atzamarren arrastoaz egiten da. Sistema honi esker ezagutzen ditugu gizonaren lehen pintura adierazpenak, leize zuloetako hormetan lur gorriz zikindutako eskuak ezarriz egindakoak. Era berean, haurrari ere, txiki-txikitatik, bere esku eta oinen arrastoak hondarretan, lokatzetan nahiz elurretan uztea gustatzen zaio. Gustatzen zaio bere hatzen arrastoa paperean edo hormetan ezartzea ere. Teknika honetarako pintura lehor samarra erabiltzea komeni da hatzetako arrastoa hobeto antzeman dadin.
Erabilpen arrunteko objektuak ere erabil ditzakegu inprimatzeko: botila kortxoak, kartoia, espartzua, esponja, ezabagoma, torlojuak, fruituak, barazkiak, hortz-eskuila eta abar.
Irakasleak lan egiteko eskura daukan edozein material sar dezake jarduera plastikorako programan, baita bere teknika propioak sortu ere. Material eta baliabideen mugak inoiz ezin dira aitzakia izan ekintza-programa ona ez izateko; izan ere, sarri, muga horiek akuilu dira sormen lan interesgarriagoetara iristeko.

Txotxongiloak

Txotxongiloen bitartez hainbat alderdi estimulatuko dugu: motrizitatea, alderdi sentsoriala, komunikazioa, borondatea, fantasia, behaketa, kontzentrazioa, artearen zentzua, norberaren onarpena, azterketa matematikoa eta psikologikoa, dialektika, musika, erritmoa, harmonia, ahotsa, hizkuntza eta koordinazioa; hitz batean esanda, sormena, edo gauza bera dena, espresioa. Hortaz, txotxongiloak egingo ditugu eta horretarako hainbat teknika landuko ditugu.

Papera

Haurrak ariketa ugari egin dezake paperarekin: atzamarrekin edo guraizeekin ebaki, marraztu, pintatu, itsatsi, zulatu, bata bestearen gainean jarri, konbinatu... Ikastaro honetan hainbat gauza egingo dugu: maskarak, jaietarako apaingarriak, girlandak, postalak, egindako irudiak zutik jartzeko zenbait sistema... Hartara, papera bezain material sinple eta merkearekin jarduera asko eta interesgarriak ateratzeko gai izango gara.