Psikomotrizitatea

2003-07-01

Ikastaro honetan proposatuko dugun ibilbide didaktikoa psikomotrizitate prestakuntzaren ardatz pertsonalean, teorikoan eta praktikoan oinarritzen da. Iaz alde pertsonala landu baldin bazen, aurten haur garapena ulertzeari eta laguntzeari ekingo diogu. Beste modu batera esanda, laguntzaren baldintza ulertzea da: haurren garapena (alde teorikoa), haurren adierazpena (alde praktikoa) eta norberaren harremanetarako joerak (alde pertsonala) ulertzea, hain zuzen ere.

 
 

Ikastaro honetako hausnarketaren abiapuntua parte-hartzaileen aniztasuna izango da, horrela lana aberasgarriagoa izango baita. Beraz, norberaren aurretiko ideietatik abiatuko gara: eskarmentuak, jakin-minak, kezkek, usteek eta abarrek emango diote gure proposamenari forma ikastaro osoan zehar.

Garapenaren psikologiaren arabera, haurraren bilakaera bere ezaugarriek, bere inguruak eta berarekiko harremanak aldatzeko gaitasunak baldintzatzen dute. Hasieran gorputzaren mugimendua erreflexu soila izan ohi da. Ondoren, sei hilabetetik aurrera, emozioak agertzen direnean, haurraren jarduerarik funtsezkoena tonu muskularraren ezarpena da. Urtebete inguruan, aurreko jarduera emozionalari sentsoriala eta motorra gehitzen zaizkio, batez ere oinez hasten denean eta atxikitzeko gaitasuna lortzen duenean. Hautemateari esker, haurrak ekintza kontziente bihurtzen du eta ingurua arakatzeari ekiten dio. Arakatze honetatik ezagutzarako eta sailkapenerako gaitasuna sortzen da, hizkuntzaren zeregin nagusia dena. Hiru portaera edo aldi hauetan nortasunaren garapena ere gauzatuz doa.
Behaketa oso tresna garrantzitsua da psikomotrizitatean. Alde teorikotik praktikora igarotzeko behaketaz baliatuko gara, eta saio erreal baten grabaketaren bidez psikomotrizitate saio bat bere osotasunean aztertuko dugu: antolakuntza, espazioak, materialak, haurren produkzioak, gure esku-hartzea eta abar. Horren ostean, diapositiba saio birtual bat eskainiko dugu aurreko guztia sakonago ulertzeko.
Saioen antolakuntzaren oinarrizko egitura ikusi eta gero, adin desberdinetako haurren bideoak ikusi eta aztertzeko txanda izango da. Haurraren adierazpena eta saioko gertakizunen bilakaera ondo uztartu ahal izateko, psikomotrizistaren jarrerak ezin du edonolakoa izan. Horrela bada, aurrerakoia eta laguntzailea izateko bete behar dituen ezaugarriak aztertuko ditugu.
Eguneroko jarduera hezitzaileak sortzen dizkigun zailtasunen artean, batzuk maiztasunez edota intentsitatez nabarmentzen dira, eta haietaz ere arituko gara. Esate baterako, agresibitateari, autoritatearekiko portaerari eta inhibizioari arreta jarriko diegu, sakoneko esanahiaz jabetzeko asmoz. Parte-hartzaileek ekarritako kasuak ere aztertzeko aukera izango dugu, etorkizuneko esku-hartzea egokitzeko helburuarekin.
Psikomotrizitatea eskolako haurren artean ospe handiko zeregina da, oso ondo pasatzen dute eta. Hori ulertzeko proposatzen dugu lan hau eta proposamena, itxura serioegia izan arren, atsegina eta dibertigarria izatea espero dugu.