Klik

2003-07-01

Lau urteko haur bat tapiz baten gainean dago lankideen izenak dagozkien argazkiekin parekatzen...

Bost urteko ikasle bat irakasleak margotu dituen kartoi mehezko fitxak horman zintzilikatzen ari da belkroz baliatuz…
Lehenengo mailan, irakaslearen pazientzia frogatzeko, ikasle batek txitean-pitean galdu duen paperezko hitza lurrean bilatzen du…
Bigarren mailan, irakasleak, eragiketak idatzi eta fotokopiatu ondoren, banan-banan zuzendu behar ditu...
Hirugarren mailan, fotokopiaz baliatuz, neska-mutilak ulermena lantzen ari dira esaldi batzuekin....
Betiko lana, gogorra bezain astuna irakaslearentzat... betiko asperraldia ikasleentzat. Atzo goizeko kontuak.

 
 

Eta lan hori guztia informatika gelara eramaten badugu? Litekeena al da? Galdetzea ere! Haurrak hara joateko irrikaz daude, eta orain giltza bat badaukagu: Klik programa. Tresna hori azaldutako lan neketsua laket erakargarri bihurtzeko gai den erreminta da, hain zuzen.

Informatika gelan klaseko haur guztiek beren argazkiak ordenagailuaren pantailan ikusi eta beren izenekin lotzen dituzte. Eta asmatzen duten bakoitzean marrazki bizidun bat agertzen da algaraka.
Pantailan agertzen diren kolorezko hitzak ez dira galtzen... eta amen batean haurrak dagokion lekuan kokatzen ditu esaldia osatzen duten hitzak... bere erritmoan, jo eta ke, atsedenik hartu gabe.
Irakasleak ez ditu eragiketak zuzendu behar. Ikasle bakoitzak egin duen ariketaren txostena klik batekin agertzen da.
Klik programaren bidez hainbat ariketa egin daiteke: hitzak erlazionatu, egia ala gezurra, hitzen artean soberan dagoena baztertu, testuak osatu, hutsuneak bete, puzzleak, serieak, sekuentziak, eragiketak, testuak, inguruneko liburuan agertzen den edozein fitxa, musikan erritmoa lantzeko, edozein ikasgaitan agertzen diren ariketak... Edozein mailatan eta edozein arlotan ordenagailuaren disko gogorrean hamaika aplikazio eduki ditzakegu erabiltzeko prest.
Une honetan Klik programak 100 jarduera baino gehiago ditu euskaraz, alor guztietan. Eta hori hasiera baino ez da. Astero agertzen dira jarduera berriak. Denetarik dago eta jarduera guztiak mundu osoko irakasleok egindakoak direla azpimarratu behar da: Alemania, Hego Amerika, Erresuma Batua, Portugal, Espainia, Galizia eta Euskal Herria, besteak beste.
Hori gutxi balitz, atera berria den JKlik (Klik Java) aplikazio osagarriarekin eta Internetez baliatuz ikasleek Klik programako jarduera batekin “on-line” jolasteko aukera izango dute, hots, urruneko ordenagailu batetik beharrezkoak diren fitxategiak automatikoki kargatuz. Horrez gain, edozein sistema eragilek (Javarekin bateragarria bada, noski) Klik aplikazioak kargatu ahal izango ditu.
Lehenengo eta behin, ez dut ahaztu nahi Klik programak ematen digun abantailarik garrantzitsuena: ekintza berri bat sortzen dugunean gure gelako haurren ezaugarriei egokitzeko aukera dugu, hots, geure ikasleen beharren arabera sor ditzakegu aplikazio zehatzak. Klik programari esker, helburuak, ariketa mota, pausoak, xehetasunak, aurrerapenak… irakasleak aukeratzen ditu.
Mundu zoragarri honetan murgiltzeko informatika ezaguera sakonak behar al ditugu? Ez, oinarrizkoak baino ez ditugu behar. Betiko Windows-a, eta kito.
Klik erremintaz baliatuz jarduera berriak prestatzea edo eginik daudenak egokitzea lan gogorra dela esan beharrik ez dago. Baina, ez al da nekezagoa eta izugarrizko lana 25 esaldi idaztea, plastifikatzea, moztea eta eskutitzaren azaletan sartzea ikasleek ariketa berehala egingo dutela jakinik?
Klik, zalantzarik gabe, ezagutu ondoren zure lankide handienetarikoa izango da. Eutsi goiari!