Euskal dantza tradizionalak

2003-07-01

Ikastaro honen hartzaileak haurrekin jarduten duten irakasleak direla kontuan hartuta, ikastaroaren helburu nagusia haiei haurrekin lantzeko oso erabilgarriak diren dantza, mugimendu eta jolas ezberdinak aurkeztea izango da. Proposatutako ariketa horiek denek euskal folklorean dute oinarria.

 
 

Haurrak musikaren hezkuntzan abiatzen direnean ohikoa da haiekin erritmoa, mugimendua eta koordinazioa lantzeko ikasgaiak barneratzea. Irakasleek ere sarritan jotzen dute argitaratuta dauden mugimendu eta jolas metodo ezberdinetara, ikasgai hauek antolatzeko ereduen bila. Baina horiek aurkitzeko ez dugu zertan urrutira joan behar, Euskal Herriko folkloreak berak ikasgai horietarako oso baliagarriak diren jolas eta dantzak biltzen baititu. Horregatik, ikastaro honen helburu nagusia irakasle multzo horri eduki horiek guztiak aurkeztea eta haien erabilpenerako gonbitea egitea da.

15 orduko ikastaro honetan landuko ditugun dantza horiekin bi helburu lortuko ditugu, batez ere. Batetik, haurrarekin psikomotrizitatea, erritmoa, arintasuna eta abar landuko ditugu. Heziketa fisikoko edo soinketako eskolatan jorra ditzakegun alor horietan guztietan egin dezakegu lan. Bestetik, euskal kulturaren alor batekin lehenengo harremanak hasiko ditugu. Dantzarekiko zaletasuna piztea, euskal kultura zein folklorearekin ezagutza bultzatzea... Haurraren kultur heziketaren lehenengo urratsak abiatzen has gaitezke, eta dantza edota folklorearen mundua modu naturalean jasotzen has gaitezke. Oro har, esan daiteke balio fisiko zein kulturalek bat egin dezaketela jarduera honetan.
Jorratuko dugun egitarauan bereiziki haurrekin lantzeko oso interesgarriak diren dantzak topatuko ditugu, dantzak izan arren jolas izaera dutenak. Dantza modu honen multzorik esanguratsuenetakoa Baztango irri dantzak dira, baina Euskal Herriko beste lurraldeetan ere badira jolas izaera hori mantentzen duten beste zenbait dantza. Bestalde, dantza jolas horiekin batera, plazako dantzetara sarrera txiki bat ere egingo dugu. Izan ere, dantza horiek errazak dira ikasteko, eta edozein euskal herritarrek dantzatzeko aukera du edozein jai edo festetan.
Euskal folklorearen zati txiki baina aberats honen ezagutza eta bertan biltzen diren dantzen irakaskuntza izan da ikastaroaren helburu nagusia. Hori guztia kontuan hartuta, modu honetan antolatu dugu ikastaroa:
1- Euskal folklorearen baitan haurrentzat interesgarriak izan daitezkeen elementuen azalpena:
- Dantza sozialak
- Dantza jolasak
2- Zenbait dantzen irakastea:
- Baztango irri dantza: - Katadera dantza
- Esku dantza
- San Petiti qui danse

- Txualalai

- Jauzien hastapenak: Zazpi jauziak, Zapatagin dantza
- Abaltzisketako txantxoak
- Sorgin dantza
- Luzaideko martxak
- Lantzeko zortzikoa

3- Baliagarria izan daitekeen materialaren azalpena:

- Bideoak
- Liburuak
- Diskoak
Oro har, ikasgai praktikoa izan da eskoletan erabili ahal izateko material eta ezagutzak zuzen-zuzenean aurkeztu dituena.