Artearen txokoa: Oteitza

2003-07-01
 
 

> Jorge Oteitzaren erantzukizuna hezkuntzarekin

APALATEGI, Jaione. Jorge Oteitza Fundazio-Museoko kidea

NUPeko irakaslea

Oteizaren ikerlanetan etengabe agertzen diren zenbait kontzeptuen zehaztasun terminologikoak (estetika, esperientzia estetikoa; lengoaia artifizialak eta lengoaia naturalak; komunikazioa; arau estetikoak eta sorkuntza arauak; estetika funtzionala, aldaketaren legea, partaidetza; eta abar) ezinbestekoak dira ulertzeko nolako ekarpenak ondoriozta daitezkeen Oteitzaren lanetatik “hezkuntza, haurra eta hezitzailea” delakoari begira. Oteitzaren esperientzia estetikoa, garaien araberako helmuga berri bat izanen da, eta gure kasuan, hiru errealitate horiek garatu behar dituen misio bereziaren baitan, betiere.

Oteitzak dio, eskola leku dogmatiko bat bezala agertzen dela gehienetan eta ez esperimentatzeko eta sortzeko leku bezala. Ondorioz, oso kezkatuta agertzen da, bertatik irteten diren belaunaldiengan nabari duen energia faltagatik eta gizartea biziberritzeko duten ahuldadeagatik.

Baieztapen hauek, gehienetan, gizartearen estamentu desberdinetatik garatu nahi diren norabideen aurka jartzera eraman dute Oteitza, Hezkuntza eremua horietako bat izanik.
Oteitzak bere burua konstruktibistatzat dauka, eta fede handia du Europan bere garaian gertatu zen eskolagintzaren leherketaren fenomenoagatik, uste baitzuen bere bitartez heda zitekeen hezkuntzak gizarte berri bat eraikitzeko ahalmena izan zezakela. Baina honetarako, ezinbestekoa izango zen irakaslearen heziketa estetikoaz arduratzea.
Bestalde, gogoratuko dugu, Jorge Oteitzak jorratzen duen “Estetika Funtzionala” deiturikoa, Estetika Linguistikoaren ikuspegi Holistiko bat dela. Holistika hau, Jan Christian Smuts-ek (1870-1950) ulertzen duen antzera erabiliko du, hots: aztertutako prozesuaren sintesi sortzaile bezala, eta haren helburua gizataldeek dituzten arazoak ebazteko baliagarria izatea da. Hemen hezkuntzak euskara bere jatorritik errekuperatzeko ezinbestekoak diren ibilbideak ekarriko ditugu gogora.
Honi guztiari erantzuteko artean oinarritutako Aldaketaren Legea aplikatzeko saiakera eskainiko du.

Ariketa praktikoa: Jorge Oteitzak bere garaian egin zituen proposamenak gaurko egoerarekin alderatzea izango da.

Jorge Oteitza eskultorea: bilakaera eta bere proposamenak

DEL VALLE DE LERSUNDI, Pilar. Artearen historialaria. Jorge Oteitza Fundazio-Museoko kontserbatzailea

Oteitzak, artea, lehenik eta behin, bere burua ulertzeko erabiltzen du. Aldi berean, errealitatearekin erlazionatzeko eta bereziki, eskulturaren bitartez bere herriari eta garaiari dagokion jokabide estetikoa ikertzen du, euskal pizkunderako baliagarriak izan daitezken aurkikuntzak eskainiz. Jokabide hau, Errusiar Konstruktibisten antzera, iraultzan oinarritzen da, non artistek beren ikerketa estetikoak gizartearen alor desberdinen zerbitzura jarri zituzten: zinean, diseinuan, janzkeran, antzerkian, industrian, hezkuntzan eta abar.

Oteitza, euskal historiaurrean murgiltzen da, benetako kulturaren sustraien bila, modernitatea adierazteko balio dutenak.Bere eskulturan aurkitzen duen “hutsa”, antzinako euskal kulturan ere agertzen dela dio. Eta estetikaren alorretik, euskal hizkuntza ere ikertzen du. Eskultura hizkeraren bitartez lortzen dituen ondorioak, beste hizkera batzuetan aplikatzeko baliagarriak direla eusten du, hots: hezkuntzan. Horrela, bere obraren formulazioaren abiabuntutik sortzen duen Aldaketetarako Legeak, mundu zabaleko artearen historia, kulturaren prozesuak eta hezkuntza bera ulertzeko balioko du.

Oteitzak “hutsa” esperimentatzera sentsibilitatzen gaitu. “Hutsa” hori ez da leize bat, ekintzarako prestatzen gaituen geruza bat baizik. Haseran , “hutsa”, sakratua eta espirituala da, ondoren mundu profanora pasa behar da, baliagarria bihurtu eta materializatu egin behar da, gizaki berri bat sortaraziz.
Diogun hau azaltzeko, hau da, Jorge Oteitzaren obra eta pentsamendua ulertzeko, garatu zituen urratsak agertuko ditugu: bere haurtzaroko esperientzia estetikoa; erligio-krisia eta artista izateko erabakia; euskal gizartearen berpizkunderako konpromisoa aurrekolonbiar megalitika eta arte garaikidearen ikerketetan oinarrituz; zientzia eta filosofia erabiliz, izaki estetikoaren formulazio bat aurkitzea; zientziak materia eta energiari buruz diona berak eskulturaren esperimentazioaren bitartez aurkitzen du, hizkera-esperimentalen konbinaketa eta kontrolerako funtsezko unitateak definitzen ditu, “hutsa” harkor batera iritsi arte.
Gure saioari praktikotasuna emateko, Jorge Oteitzaren esperientzia estetikoa guregan sentiarazteko balioko diguten ariketa batzuk egingo ditugu.