Ahozko hizkuntzaren trebaketa prebentiboa

2003-07-01
 
 

“Mutua”ren fama irabazteaz gain, zer ondorio dakar estrategia didaktika honek eskolan? Batetik haiek ere isiltzen direla. Beno, aldi bereko itzultzaileren bat salbu: altzatzeko esan du... Bestetik gorputz semiotika areagotzen dela: begiradaz, jarreraz, mugimenduz, mimikaz... elkar komunikatuz. Hau lasaitasuna haur isilen eta gero eta gehiago datozkigun atzerritarrena! Dena ulertzen dute. Ulermena ari gara lantzen.

Zuzenketa analogiko hau, gainera, oso eraginkorra da: keinuz, piktogramen bidez, gitarraz edo bloke logikoz praxiak kodifikatuz eta taldegramez baliaturik, berehalaxe geratzen da muntaturi sozioegitura interaktiboa , hizkuntza hazteko laborategia, beraiek ere txandaz zuzen dezaketena.
Alabaina, trebeki mintzatzeko, sabeletik ahora hitzak dagien neurobidea onuratu beharrean gaude, hots, neuroegitura logopediko prebentiboa gelarik gela 3 urtetik 7 urtetara egunero eta sistematikoki jorratu. Lau geltoki ditu ahozkotasunaren %28 hartzen duen neurobidaia honek.

1- Arnas mekanismoa eta aireztatze neuroegitura . Jaio eta lehendabizi pizten zaigun mekanismoa da, harrezkero automatikoan jarri eta gutxi zaintzen duguna. Badugu, alabaina, alor honetan premiazko zereginik. Lehena higienea: zenbait jolas egingo ditugu sudurra maitatzeko eta garbi mantentzeko. Bigarrena sudur arnasa eta sabeleko arnasa menderatzea. Horretarako erlaxazioa kontaktuan landuko dugu batik bat, oso jolas bitxiak gozatuz. Hirugarrena putz egitean trebatzea da fonemak ongi aiereztatzeko. Benetako zirkoa muntatzen da honekin, materialek (tururetak, burbuilak, txilibituak, haizagailuak…) hartara eramaten gaituztelarik.

2- Ahots mekanismoa eta neuroegitura fonikoa . Mundu zirraragarria da ahotsena. Ahoa itxiz (MMMM) eta aho irekiz (AAAA) fonobibrazioa orekatuko dugu burezurrak bat eginda, edo talde baten erdian kulunka edota dutxa foniko bat jasoz. Era berean, eta beti jolas interaktiboen bidez, ahotsaren kokapena arakatuko dugu; kokapen propiozeptiboa gorputzean (inpostazioa) eta kokapen esterozeptiboa espazioan (proiekzioa). Honen ondorioz ahots modulatua eta erakargarria izango dute gure haurrek eta, bide batez, guk geuk irakasleok.

3-Ahoskatze mekanismoa eta neuroegitura artikulatoria . Hauxe dugu, beharbada, gehien kostatzen zaigun trebezia. Funtsean, hitzak ebakitzea ahoari mugak jartzea baino ez da eta egungo familiok ez ditugu egiturazko mugak erabiltzen, ez omen dakigu ezetz esaten. Testuinguru permisibo honetan aerobic bizkorra eskaintzen diogu guk mihiari, ezpainei, masailezurrari eta masailei. Tonizitate ona (eutonia) hartzeko aurpegi masajea landuko dugu binaka material desberdinekin (hatzekin, kremarekin, lastotxoarekin, pintzelarekin...). Oroitzeko eta gurasoak ere inplikatzeko praxia-ipuinak eta praxia-irudiak eskainiko dira.

4- Entzun mekanismoa eta neuroegitura akustikoa . Haurrak bizi duen asetzeakustikoa –normalean 7.ean egiten digu kasu- deskolokatu egingo dugu feltrozko mozorroak jantzita soinu iturriak kokatuz, bereiztuz eta sekuentziatuz. Radarraz bilakatuko gara, isiltasunaren jabe izaki. Ondorioz, belarri fina izango du haurrak hizki-kateekiko, ezinbesteko trebezia, ongi dakigunez, dislaliak disortografiak ez akatzeko.

Arraioa! Hainbeste txorakeria analogikoren ondoren propio hitz egiten hasiko ote gara, bada? Hitz digitala nahi dut nik, %7a. Lasai, ikastaro honetan ere hitzontziak bilakatuko gara ahozko talde dinamikak barra-barra praktikatuz.
Lehenik elkar ezagutzeko jolasak egingo ditugu, hizkuntz afektibo-emozionalaren poderioz elkarren arteko harremanak uztartuz. Mintzaera mota berezi hau mintzaira hunkiorra deitzen da.
Bigarrenik elkarrekin jarduteko jolasak egingo ditugu hizkuntz operatiboa dela medio auzolaneko ekintzak antolatuz. Mintzaira eraginkorraren aurrean gaude, eguneroko eskuzko betebehar kooperatiboak erregulatzen dituena.
Eta hirugarreni elkar eztabaidatzeko jolasak , hizkuntz formala edo kontzeptuala (honen esperoan nengoen ni, alafede) bermatzen dutenak, elkarren aurkako argudioka arituko garelarik. Mintzaira arrazoikorra dugu hau, gure barne lanabes mentala. Askok mentalés deitzen dutena.
Eta irakurri baino, hau dena bizi nahi bazenu, ongi etorria. Ea denon artean frogatzen dugun ahozko hizkuntza, giza hizkuntza naturala, eskolako arlo guztien euskarri eta lanabes dugula; harremana, jarduera eta pentsaera egituratzen duena, eguneroko bizitzan bezalaxe.