Euskal kultura tradizionala

2003-07-01

Ikastaro labur honetan, euskal kulturari buruzko aski zabaldurik dauden topiko tipiko zenbait deuseztuko ditugu. Hori da, bederen, helburua.

 
 

Gutxitua dagoen zernahi gizarteak beti barneratzen du, lehenago edo berantago, kultura eta gizarte menperatzailearen balio eta aurreiritzi oro, horiek “normalak” direla pentsatuz. Gisa honetan, azpiratutako gizarteak bere buruari buruz –bere kulturari buruz, alegia– lortzen duen pertzepzioa kultura nagusiaren aurreiritzietan oinarrituta dago. Honek sortzen duen gutxiagotasun konplexua lehenbiziko urratsa da jatorrizko kulturaren balio guziak bazterzeko, “zaharrak” edo “modaz kanpokoak” direlakoz. Agerian denez, muturreko kasuetan, kultura horren oinarria den mintzoa ere desagertzen da, jadanik “bizi modernorako balio ez duelakoz”.

Azaldu dugun prozesua ber-bera da gaur egun mundu guzian, bai eta normaldutako hizkuntzetako kasuetan ere. Frantses edo espainol kulturen, adibidez, anglosaxoi –yanki– ereduetako morrontza gero eta nabarmenagoa da.
Aipatutako guziak eragin zuzena dauka, jakina, (zernahi) hizkuntzari eusteko, atxikitzeko behar den motibazioan. Are gehiago, era diglosikoan, ez normaldua dagoen batean, gurean, alegia.
Bizi garen egoeraren ez ikusiarena egiteko joera nabarmena da gutartean, alegia, normalak bagina bezala aritzeko. Hau askoz nabarmenagoa da irakaskuntza munduan, alta irakasleria bizi den azpiratutako gizartearen parte da, indarrean dauden aurreiritzi, topiko eta lelo guziak barneraturik dituena gehienetan.
Ikusi nahi ala ez, onartu ala ez, euskal kulturari buruz –oro har– dugun ezagutza aski eskasa da eta, gehienetan, gutxi hori topiko tipikoetatik ez da ateratzen, ahalkez betetakoa ez delarik. Bistan denez, lanean ari diren irakasle askok ez du bere garaian behar den (in)formazioa izan, bertze gauzen artean, ia ez delakoz izan plangintza serio bat gure kultura serioski erakusteko, ez eta horretaz arituko diren irakasleei ere.
Honengatik guziagatik, ikastarotxo honetan gure jatorrizko kulturaren oinarrizko ideia batzuk ditugu aztertuko eta landuko, norberaren ezagutzatik hasita, ondorio –askotan– berrietara iristeko, ikuspegi berritua eta motibatzailea barneratzeko asmoz.
Hori lortzeko, hasteko, zertan dagoen gaur egun Euskarari buruzko jakintza ikusiko dugu, nondik heldu den (nonbaitetik etorri bada), zergatik iraun duen, funtsean, zer dagoen gaiaren inguruan.
Gizarte antolakuntzan oinarri den etxe tradizionala aztertuko dugu, eginkizunak eta beharrak, dituen ondorio guziekin: mintzairan, gizartean, zuzenbidean… mundu ikuskera propioan.
Bizitzaren aroak, denborarenak eta personalak, nola neurtu eta bizitu diren ikusiko ditugu, hala nola haiei loturiko erritoak ere.
Ahozko literaturaren inguruan gogoeta eginen dugu; literatura honen edukiez baino, gizartean zituen funtzioei buruz arituko gara, gaur egungo egoerarekin konparatuz.
Mitologia eta magia munduaz ere arituko gara: sinismenak, erritoak…
Festa tradizionalen funtzioei buruzko azterketa txikia eginen dugu, hala nola dantza munduaz, ihauteriaz eta kirolaz ere, denborapasa baino haratago zer den ikusteko edo, bederen, susmatzeko.
Finitzeko, ondorioak aterako ditugu, kultura tradizionalari buruzko ikuspegi berritua lortu dugun ala ez ikusteko. Ondoren, honek guziak irakaskuntzan izan lezakeen aplikazioaz mintzatuko gara, bereziki hizkuntzarekiko motibazioan eragiteko.