Gustura irakurtzea

2003-07-01
 
 

> Ahozko narraziotik abiatuta pozik eta gustura irakurtzera

ZUBELDIA, Iñaki.
Idazlea eta Hizkuntzaren Pedagogian lizentziatua

Izenburuak dioen bezala, ahozko narrazioa eta ahozko hizkuntza izango dira haurra hizkuntzarekin eta sorkuntza literario eta poetikoarekin zaletzeko erabiliko ditugun bitartekoak.

Hasieran haurrak maitasun komunikazio bat nabaritzen du gurasoen eta familiako beste kideen aldetik eta badaki komunikazio hori laztan, musu, besarkatze eta kontaktu fisikoaz haratago zabaltzen dela, hitz solte, esaldi labur, onomatopeia, errima goxo eta haur kanta ezti eta samurretara hedatuz.

Komunikazio hasiera berezi hau oso atsegina eta pozgarria da haurrarentzat. Hasieran entzun egingo ditu maitasunez esaten zaizkion hots goxoak, baina gero bera ere subjektu aktibo bihurtuko da, antzeko hotsak eta doinuak sortzen ahaleginduz. Lehenengo hotsak ahoskatzen hasten denean, zerbait ulertzen diotela konturatzen bada, haurrak izugarrizko garaipena eta poza sentituko du, ahozko komunikazioa ezartzeko gai dela sentitzen hasiko baita...
Pixkana-pixkana entzungo dituen hitz jokoak, aho korapiloak, abestiak... ikasten joango da eta hau dena beretzat atsegin iturri agortezin bihurtuko da.
Hona hemen hainbat eta hainbat hitz joko: Etorri gara txin, anglo manatxin..., Honek txotxak bildu..., Arre, arre, mandako..., Txintxilin bonba..., Eragiozu eskutxoari..., Akerra burdu-burdu..., Behin emen zan zantar bat...., Arriola, marriola, kin, kuan, kin...., Bilin bolo bolaixo..., Xixixli putxili...., Xia, xia...., Baga, biga, higa..., Haurtxo txikia sehaskan dago...
Haurrak hitz egiten ikasten duenean hainbat kanta-istorio ere abesten zaizkio: Bat eta bi, hiru eta lau..., Elurra mara-mara ari du..., Dira, dira, zezenak dira..., Arre-arre, zalko-zalko..., Pintto, Pintto..., Uztaiak gora gora..., Jon Brown...., Txantxibirin, txintxibirin...
Kanta hauek ipuin oso laburrak ere badira, barruan istorio xume bat baitaramate. Eta hemendik modu naturalean egin daiteke saltoa ipuin labur eta errazetara. Eta hauetatik ipuin miresgarrietara: Txanogorritxu, Errauskine, sorginak, Tartalo, lamiak, jentilak... Oso baliagarri izango zaizkigu Perrault, Grimm, Andersen, Barandiaran, Azkue, Satrustegi eta beste hainbat biltzailek jasotako herri-ipuinak eta kondairak.
Gero, badaude hain klasiko izan gabe euskal idazleek idatzi dituzten ipuin zoragarriak. Eta hauek ere haurren eskura jarriko ditugu aurreiritzirik gabe. Eta hemen kritikaren eragin negatiboa saihestu beharko dugu, hainbat eta hainbat autore eta lan bikain baztertuta geratzen baitira kritika ofiziala eta irakasle axolagabe batzuk direla medio. Haurrari eskaintza zabala eta anitza emango diogu, haurrak berak osatu behar baitu irakurketarako bere gustu propioa.

Ahozko narrazioa, ikasketaren esperientzia bibentziala

TORT, Pep.
Kataluniako ipuin kontalaria

60ko hamarkadaren amaieran Irakasle ikasketak egiten ari nintzen eta Hizkuntza ikasgairako lan bat egiteko ikastetxe bateko gela bateko haurrei ipuin bat kontatu behar nien. Esperientzia oso atsegina izan zen niretzat, entzuleak narrazioan murgildurik egon baitziren, hitzen eta keinuen bulkadei erabateko arreta jarrita .

Beranduago irratian esperientzia bera bizi izan nuen, egunero ipuin bat kontatzen bainuen irrati kate batean edo batzuetan ,edota Servei d´Ensenyament del Catalá-rentzat (SEDEC) hizkuntz normalkuntza kanpainetan lan egiten nuenean.

Gaur egun “ipuinen kontura bizi naiz”; irakasleei grabatu, idatzi eta hitzaldiak eta ikastaroak ematen dizkiet eta eskoletan, liburutegietan, antzokietan eta abarretan saioak egiten ditut.
Ikastetxeetan narrazioa zikloka lantzeko aukera izaten dut, hau da, saioa bere forman eta mamian eta bere garapenean eta edukietan antolatuz, betiere haurren adina kontuan izanik.
Ipuinak kontatzeko modu ugari daude eta helburuak ere askotarikoak dira. Ni, eta agian irakasle naizelako izango da, gustura gelditzen naiz arreta jartzea eta aldi berean komunikatzea eta ereitea lortzen badut. Mediku batek zioen bezala: “entzuleari bihotzeko edo adimeneko txertaketa bat egiten diot”.
Narrazio prozesu batean ezer ez da doan, eta horregatik, beharrezkoa da puntu hauetaz mintzatzea:
- Espazioa
- Taldea
- Saioaren egitura
- Sintonia
- Hitza tresna bibentzial bezala
- Jolasa
- Ekintzaren amaiera

Helburuak

Xedea da ahozko narrazioaren saioetan forman eta mamian sakontzea haurren adinaren arabera:
- 3-4-5 eta 6-7 urte: ahozkotasunaren protagonista izatearen plazera.
- 8-9 urte: entzuteko gustuan parte hartzea.
- 10-11 urte: balio ludikoaren eta hitzaren ikasketaren lekuko izatea.
- Narratzailea espazioan definitzea eta kokatzea (hitza erreminta bezala).
- Taldea espazioan definitzea eta kokatzea (saioan publiko aktiboa).
- Adin eta saio eredu bakoitzari dagokion dinamika egokitzea.
- Ahotsa lantzea narrazioan sartutako eredu espresiboak imitatuz.
- Keinuaren bidez arreta bereganatzea.
- Keinua, ahotsa eta espresioa uztartzea.
- Narrazioa edo ipuina adinaren eta saio motaren arabera aukeratzea.
Metodologia: bizituz esperimentatzea gero teorizatuz justifikatuko duguna.